Plataforma berri batek merkataritza-gune handi gehiago ez irekitzeko eskatu du Donostian

Gaur goizean Donostiako Udaletxean bertan eginiko prentsaurrekoa.

Gaur goizean Donostiako Udaletxean bertan eginiko prentsaurrekoa.

Azalera Handiko Merkatalgune Berrien Irekieraren Aurkako Plataformak prentsaurrekoa eman du gaur Donostiako Udaletxean.

Plataforma osatzen duten taldeak honako hauek dira: EKA-OCUV Kontsumitzaile Elkartea, Euskaldenda,  Dendartean, UGT, CCOO, ELA, LAB,  Belartza 2 Gelditu plataforma, Añorgako bizilagunak, Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten koordinadora, Bidasoaldeko Lagunak, Haritzalde eta Eguzki.

Talde hauek Eusko Legebiltzarrean ekainaren 14ean adostutakoarekin bat egiteko eskatu diote Donostiako Udalari.

Euskal Autonomi Erkidegoko Legebiltzarrak aurreko ekainaren 14ean honako hau eskatu zien udalei:

1- Ez dezatela Hiria Antolatzeko Plangintza Orokorretan aldaketarik onartu

2- Ez dezatela zoru errekalifikaziorik eman

3- Ez dezatela inongo neurririk hartu azalera handiko merkatalgune berriak irekitzeko edo handitzeko.

Hori, Merkataritza-guneen Lurralde Plan berria eta Merkataritza Lege berria izan ezean.

Legebiltzarrak esandakoarekin bat eginez, Plataformak Donostiako Udalari eskatu dio: ez dezala Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketarik tramitatu, ezta merkataritza-gune berriak irekitzeko edo zaharrak handitzeko lizentziarik eman ere.

Halaber, Plan Orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginen ebaluaketa ez ezik, inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko azterketa berrituak ere eskatu ditu Plataformak.

Merkataritza-gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz, eta ez da beharrezkoa gehiago egitea, berauek, ingurugiroan eragin negatibo zuzena dutelako, errepide berrien eraikuntza dakartelako, kotxearen erabilera handiago batekin batera, eta baita bizi garen herriak itzaltzen dituztelako, gure gizartearen kohesioa eta aniztasunarekin bukatuz.

Planifikatuta dauden merkataritza-gune berriek (Zaldunborda-Hondarribia, Garbera, Belartza 2, Illunbe, Teresategi-Errekalde, Urbil, Biurrarena eta abar), egun dagoena bikoiztuz (206.000 m2 eraikita eta 204.000 m2ko aurreikuspena) merkatari txikien eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute eta eskaintzan aniztasuna sortzen duten denda txikien itxiera dakarte.

Gaur, Donostiako Udalean ordezkaritza duten taldeei dei egin diegu Plataformatik, Garbera, Illunbe, Teresategi-Errekalde eta Belartza-2ren handitzearekin zentzudun joka dezaten, plangintza hauek geldituz.

Gipuzkoako merkatariek, euren erabakia hausnartu dezaten eskatzen diegu, gaiak gizartean eta sektorean dituen eraginak aintzat hartuta. Honen harira, kontutan izateko inkestek eman zituzten emaitzak, non donostiarrek 10etik 2,14ko balorazio batekin baloratu zuten Garbera handitzeko proiektua.

Udal gobernuari eskatzen diogu herritarren hitza entzun dezala eta Parlamentuak, gizarteak eta eragileek eskatzen dutena, eta ondorioz Garbera eta Belartza 2ko anpliazioaren inguruan arduraz joka dezala, moratoria bat ezarriz, nora joan nahi dugun hausnartzeko.

Merkataritza-gune handi gehiagorik ez!!!