Albistea

  • Uliak tirorik gabeko parkea izaten jarraituko du

    2018-08-20
    Partekatu - Compartelo

    ulia[1]Uliak su-armetatik libre izaten jarraituko du edo, bestela esanda, ehizak Ulian debekatuta egoten jarraituko du. Albiste bikaina da, batez ere “Parke segurua denontzat” kanpainaren alde egin duten pertsona eta elkarte guztientzat (*).

    Ulian ehiza 2014z geroztik debekatuta dago, baina orain dela gutxi Epaitegi Gorenak hartu du debekua kinka larrian ipini duen erabaki bat. Izan ere, “ohiko postuetatik” ehiza egiteko eskubuidea, Ehiza Legeak aitortuta, gainerako lege edo araudien gainetik ipini du. Egia esan, gainerako lege eta araudien gainetik ez ezik edozein arrazonamenduren gainetik ere ipini du. Ohiko Postuen Errolda osatzea, baina, foru eskumena da. Beraz, Aldundiak erabakitzen du zer postu sartzen duen Erroldan eta zer ez. Eskumen horretaz baliatuta, Aldundiak abiatu du Ulia-Mendiola eta Mendiola-Plata Itsasargia lerroko postuak Erroldatik kentzeko espedientea. Alegia, Uliako postu guztiak, bai Donostiakoak bai Pasaiakoak. Gauzak horrela, eta dena ondo bidean, Uliak jarraituko du tirorik gabeko eremua izaten.

    Merezi du Foru Aldundiak erabaki hau hartzeko erabili dituen arrazoiei erreparatzea. Izan ere, funtsean, “Parke segurua denontzat” kanpainaren berberak dira. Foru Aginduak honako hau dio:

    “Proposamena [Uliako postuak Erroldatik ateratzeko] oinarritzen da ehiza jarduerak gune horretan beste aisialdiko erabilerarekin duen eragina kontuan hartuta. Mendi horretara bizlanle dentsitate handiko herri guneetatik jende asko joaten da eta Gipuzkoako ibilbide homologatu garantzitsuenetakoak elkartzen dira, hala nola, GR-121 Talaia, Santiago Bidea eta SL Gi 33 Uliako itzulia.

    Egoera horretan, ehiza jarduerak eragina handia du gainontzeko gunearen erabiltzaileentzat, bai tiroek sortzen duten zaratagatik bai pertsonen segurtasun fisikoengatik.

    Zentzu horretan, aipatu behar da Donostiako eta Pasaiako udalek zenbaitetan bere kezka azaldu dutela horri buruz, eta Departamenduari eskatu diotela Ulia mendian ehiza ez baimentzeko, bi udalentzat mendiak parke periurbano izaera duen kontuan hartuta.

    Aurrekoekin lotuta, 2018ko ekainaren 8an, Ekonomia Garapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuan sarrera eman zitzaion ‘Ulia, hiri parke seguru bat denontzat’ izeneko mozioari, Pasaiako Udalak 2018ko maiatzaren 29an osoko bilkuran onarutakoa”.

    Normalean ez dugu arrazoirik izaten Aldundiaren bioaniztasun alorreko politika eta, zehazkiago, ehiza-politika txalotzeko. Baina kasu honetan egin, egingo dugu, erreparo handirik gabe, gainera. Egia da, erabakia logika oinarrizkoenari jarraituz hartu duela, zentzugabea bailitzateke Ulian berriz ere ehiza baimentzea. Baina, aldi berean, badakigu erabaki honek Aldundiari arazoak sortuko dizkiola ehiztarien artean, oso-oso gaizki ohituta dauzka eta.

    Kontsolatu dadin, zera gogoraziko diogu: ehiztariak asko diren arren eta ongi antolatuta dauden arren, askoz gehiago gara mendira eskopetarik gabe joaten garenok. Bada, hartu duen erabakiak herritar gehien-gehienoi egiten digu mesede.

    EGUZKI, 2018ko abuztua

    (*) Kanpainaren manifestua honako hauek izenpetu dute: Herri Ametsa Ikastola, San Luis de La Salle Ikastetxea, Itsas Mendi Elkartea, Fortuna Mendi Elkartea, Montañeros del Antiguo, Trintxer Mendi Taldea, Asociación Nordic Walking Donostia, Mendizaleak Herrera, Itsastarrak Mendi Taldea, Club Vasco Camping, Club Atletico Trintxerpe, Pasaia Kayak, Donosti Kayak, Asociación de Vecinos de Ulia, Jaizkibel Amaharri, SEO Donostia, Eguzki Talde Ekologista, Ugatza Ornitologia Taldea, Itsas Enara Ornitologia Taldea, Haritzalde Natura Elkartea-Ekologistak Martxan, Asociación de los Caminos de Santiago de Gipuzkoa, Uliako Lore Baratzak, Amigos de Ulia, Katubihotz, Asociación Boj, Kalapie Txirrindulari Elkartea.


    Partekatu - Compartelo