Aste honetarako Eusko Jaurlaritzak Asteklima ekimena sustatu du, klima aldaketaren efektuak arintzeko hartu beharreko konpromisoen dibulgazioa helburutzat duen ekimena, eta horri erantzunez hau diogu:
Azken hilabeteetan ikusi izan dugu nola Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek hainbat ekimen sustatzen ari diren. Hurrengo zerrendan horietako batzuk laburbiltzen dira, besteak beste:
1- Zubietako erraustegiaren eraikuntza. CO2 eta gai toxikoak kantitate handian sortzea hondakinak ‘desagertzearren’.
2- Oxido kuprosoa erabiliz pinudiak fumigatzeko intentzioa , Nekazaritza eta Arrantzako Ministerioari eta Europako Batzordeari bizkarra emanaz, esperimentalak direla aitzakiatzat ipinita.
3- Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseiluaren inaktibazioa (9/2015 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseilua eratzen duena).
4- Natura 2000 Sareko babesturiko natur esparru batean pista sare bat sustatzea, Aralarren eta Aizkorrin esaterako, Natur Parkeen legediaren (168/1994 Foru Dekretua) aurka.
5- Mehatxaturik dauden espezieen ehiza baimentzea.
6- Baliabide naturalak modu jasangarri batean ustiatzeko proposamen berrien onestea ukatzea.
7- Gipuzkoan Natura 2000 sarearen garapena ukatzea.
8- Hainbat ingurumen delituengatik ikerturik jarraitzen duten agintariek dimititu nahi ez eta karguan jarraitzea.
9- Ordezko energia-iturriak baztertzea, bai ekoiztean, bai erabiltzeko nahiz banatzeko azpiegiturei dagokienez.
10- Mota guztietako ibilgailuetarako laguntzak ematea, gas kutsagarri gutxiago isuriko direla aitzakiatzat ipinita.
11- Eta abar.
Hauek azken legegintzaldian ikusi ditugun adibide batzuk besterik ez dira. Aurreko zerrendan aipatu diren guztiek, kanpoan utzi ditugunez gain, ingurumenaren degradazioa eta klima aldaketa sustatzen dute.
Orain arteko aurrekari guztiak kontuan izanik, ondorengo hausnarketak egiten ditugu: klima aldaketa sustatzen ari direnek hitz egin nahi digute fenomeno honen inguruan? Zer saldu nahi digute martxoaren 1-10 artean? Klima aldaketaren efektuak arintzeko lanean dihardutela? Gizarte orokorraren bete beharrak gogoaraztea? Eurak errespetatzeko behar eta intentziorik ez dituzten betebehar horiek? Ez al litzateke hobe gure agintariak aldatzen hastea herrialde hobeago bat garatzen hasteko, ingurumen alorretan arduratsuago eta gardenagoak izateko?
Euskal erakundeek ingurumen legediaren aurka, azken urteetan hartutako erabakiekin bat ez bazatoz, ez ezazu parte hartu jada hasi den ASTEKLIMAn. Eta animatu zaitez “Errausketaren aurkako mugimentua”-k antolatu dituen elkarretaratzeetan parte hartzera, martxoaren 5ean 19:00etan Alderdi Ederren eta martxoaren 6an 19:00etan Kursaalean.