Bi belatzak, Artzai Oneko kanpandorretik zelatan. Argazki bikain hau Enrique Russignol-i zor diogu.
Azken urteotan belatz handi bikote batek (Falco peregrinus) kumatu du Artzai Onaren katedraleko dorrean bertan. habia eraikin batean egiten zuen bikote bakarra zen Gipuzkoa osoan.
Beraz, bikote hura harribitxi bat zen, edonork ikus zezakeena. Kontuan izan behar da Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan belatz handia “bakan” edo “arraro” gisa sailkatuta dagoela eta hiri batean sekulako lana egiten duela usoak, kaioak eta beste espezie batzuk modu naturalean kontrolatzen.
Bada, Artzai Onean egiten ari diren lanak direla eta, habia aldamioz inguratu dute, eta belatzek alde egin behar izan dute, jakina.
Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoaren arabera, hegazti hauen habiak suntsitzea nahiz kumatze-guneetan eragozpenak sortzea espresuki debekatuta dago. Baina hori ez dute kontuan izan ez Elizak (lanen sustatzaileak), ez Udalak (baimena eman duenak), ez Foru Aldundiak (espezie babestuen ardura duenak).
Eguzkitik sentsibilitate eza salatu nahi dugu.
Udalak zertarako gastatzen du dirua “Donostiako hegazti habiagileen atlasa” egiten, baldin eta gero informazio hori ez badu horrelako kasu batean erabiltzen?
Foru Aldundiak zergatik ez du ezer egin harribitxi hau babesteko?
Dorre zaharberritua atrakzio turistiko bihurtzeko aukerak ere kezkatzen gaitu, belatzen balizko itzulera zapuztu dezakeelako.
Donostiako EGUZKI, 2019ko martxoan
Katedrala, aldamioz inguratuta. Argazki hau ere Enrique Russignolek ateratakoa da.