Usapal-ehiza bertan behera uzteko eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari
2019-07-30
Partekatu - Compartelo
Usapal-ehizaren gaineko luzamendu edo moratoria europarra behingoz onartzeko eta, ondorioz, usapal-ehiza bertan behera uzteko eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari. Arabako Aldundiak dagoeneko bertan behera utzi du eta, logikari jarraituz, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak bide beretsutik jo beharko lukete. Alabaina, Gipuzkoako Aldundiak erakusketa publikoan ipini duen ehiza-agindu zirriborroaren arabera, 2019-2020 denboraldian ere usapalak bota ahal izango dira Gipuzkoan. Ikus:
Gipuzkoako Foru Aldundiak zirriborroa zuzentzen ez badu, “Usapala suspertzeko plan europarrak” aurreikusten duen moratoriari bigarren urtez iskin egingo dio, iaz ere moratoria ezartzeari uko egin ziolako. Kontuan izan Europar Batzordeak urratze-espediente berri bat ireki diola Estatu espainolari, hain justu, moratoria ezarri ez duelako eta usapalen populazioak suspertzeko beste hainbat neurri hartu ez dituelako.
Baina gauza gehiago ere badira. Aldundiak erakuketa publikoan ipini duen zirriborroan bertan esan duenez, ehiza-aldi berriaren arauak finkatzeko Aranzadi elkarteari espresuki eskatutako txosten batez baliatu da. Bada, Aranzadiren txosten horretan, hitzez hitz, honako hau irakur daiteke: “El estado de conservación [usapalaz ari da] es desfavorable y no se recomienda su caza”. Ez da usapal-ehiza gomendatzen, alegia.
Usapalen populazioak izugarri urritu dira azken hamarkadotan. Hori dela eta, Eguzki, beste hainbat elkarte ekologista eta naturazale bezala, aspaldi hasi zen eskatzen usapala babesteko edo, behintzat, ez botatzeko. Foru Aldundiak orain arte entzungorrarena egin du, baina dagoeneko aitzakia guztiak bukatu zaizkio. Horregatik aurten usapal-ehiza, azkenean, bertan behera utziko duelakoan gaude.
Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.