BESTE BAT? BAI, AUTO ETA ZEMENTO GEHIAGO BILBORENTZAT
2020-02-19
Partekatu - Compartelo
Hirigintza eraldaketarantz hasitako bideari ekiten dio Bilbok. Oraingoan udalak Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera ditu jomugan. Duela ez hainbeste urte inguru horretan Euskalduna auzunea zegoen, Deustuko Kanala zabaltzerakoan desagertu arazi zuten auzunea, baina ez guztiz penintsula bilakatu baitzuten. Azkenik kanala hautsi, eta penintsula, Ibaizabal gaineko uharte bihurtu da.
Hiria gobernatzen dutenek aurrerapauso hori emateko pizgarria izan da egitasmo potolo bat. Antza denez, bertan Bilboko zabalgune berria egin nahi dute: lorategi eta aisialdi guneak izango dituzten etxe berriak (azken datuen arabera 5.500 inguru). Baina zeintzuk izango dira egitasmo handi honek izango dituen ondorioak? Zerrenda ditzagun nabarmenenak:
Uholde arriskua. Itsasadarraren goraldi zehatzen arabera gerta litekeena.
Trafikoaren hazkundea, batik bat, bertan biziko direnen autoengatik. Hazkunde honek ekar litzake: trafiko kolapsoa, zarata eta kutsagarriak diren gas emisioen ugaltzea.
Hiritar orok gozagai izan beharko lukeen espazioen pribatizazioa.
Hortaz, Eguzkitik egitasmo alternatiboa proposatu nahi dugu: berdegunea, eta, baso txikia zeinean ardatz nagusia izango den bertako bir naturalizazioa. Hiriguneetan oasi naturalak izatearen ondorioak nabarmenak dira:
Airearen kalitate hobeagoa, atmosferaren CO2-ren xurgatze eta arbola eta zuhaixken oxijenoaren eraginez lortuko dena.
Landaretzari (batez ere zuhaitzei) esker ur zikloen hazkundea. Euriaren urari eusteko gaitasuna dute basoek, eta hau lurrera igor dezakete. Honez gain, uraren abiadura geldotuko dute, eta lurrari eusten diotenez, erosioa eta uholde arriskua gutxitu lezakete.
Klimarengan dute eragina. Izan ere, gune kontinentalen hezetasunaren %50a landaretzaren hostoen izerditzetik dator.
Hiritarrentzat aisialdi gune dira.
Hiritarren bizitza kalitatea hobetzen dute, eta airearen kalitateari lotutako arnasketa-gaixotasunak gutxitu egiten ditu.
Eguzkitik uste dugu egitasmoari buelta eman dakiokeela. Mozkin ekonomikoak bazterrean utzi, eta, eramangarritasuna eta krisi klimatikoaren aurkako borroka aintzat izango dituen hirigune eraldatzearen alde egin dezakegulako.