Albistea

  • Laster hasiko omen dira Lasarte-Txikierdi bidegorria eraikitzen, baina Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana bete gabe jarraitzen du

    2020-09-27

    bidegorri2Lasarte eta Txikierdi (Usurbil) bitarteko bidegorria eraikitzeko proiektua onartu berri du Foru Aldundiak. Bidegorri hori Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriku ibilbidearen zati bat da. Lanak esleitu eta urtea bukatu baino lehen hasiko omen dira. Aurrekontua milioi erdi bat eurotik gorakoa da eta eraikitzeko epea, berriz, 20 astekoa. Egia da epearekin eszeptikoak izateko eskubidea badugula, 2016an, orduko Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak bidegorri hori “berehala” eraikiko zela iragarri baitzuen, alferrik iragarri ere. Oraingoan, baina, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du iragarpena, beraz, sinesgarritasun gehiago eman beharko diogu.

    Lasarte-Txikierdi bidegorria behingoz eraikitzen hasiko direla albiste ona izango da, ezta? Segun eta gauzak nondik begiratzen diren. Alde batetik, ona da. Nahiz eta bidegorri txiki (kilometro bakarrekoa) eta apala izan (ez du inolaz ere emango aurreko zatiak, Errekalde-Luzuriagak, ematen duen zerbitzua), begi bat gehiago izango da Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriku ibilbidearen katean, eta hori ona da, ezbairik gabe. Beste aldetik, ordea, albistea ezin dugu ontzat jo baldin eta kontuan hartzen badugu Lasarte-Txikierdi bidegorria 2017rako amaituta egon behar zela eta Donostia-Mutriku ibilbidea, berriz, 2021erako oso-oso aurreratua. Izan ere, datorren urtean norbait hasiko da pedalei eragiten Donostian Mutrikurantz bidegorrian barrena… eta Txikierdiraino baino ez da iritsiko. (Ezta Usurbil herriraino bertaraino ere. Izan ere, herriraino bertaraino iristea bai izango zela albiste bikaina; harrigarria ez ezik lotsagarria ere bada urteak eta urteak pasatzea eta Lasarte-Oria eta Usurbil artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura eroso eta batez ere segururik gabe jarraitzea).

    Planaren arabera, Donostia-Mutriku ibilbideak datorren urterako bukatzear egon behar zuen. Alabaina, Lasarte eta Txikierdi bitarteko tarteaz ari gara orain. Atera kontuak.

    Planaren arabera, Donostia-Mutriku ibilbideak datorren urterako bukatzear egon behar zuen. Alabaina, Lasarte eta Txikierdi bitarteko tarteaz ari gara orain. Atera kontuak.

    Alegia, Donostia-Mutriku ibilbidea osatzeaz hitz egiten egon behar genuenean, Lasarte-Txikierdi zatiaz hitz egiten aritzeak agerian uzten du zer puntutaraino urratzen ari den Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana. Gogoratu Plan hori 2013ko ekainean onartu zutela aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek. Planak zortzi urte aurreikusten ditu (edo zituen), bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, egiteke daudenak, epea amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean. Gure inguruan, honako hauek, behintzat, bai: Lasarte_Oria-Usurbil (Txikierdi), Usurbil (Txikierdi-Santuene), Usurbil-Orio, Errekalde-Galarreta (Hernani), Lasarte_Oria-Urnieta, Urnieta zeharbidea, Urnieta-Andoain (bukatu gabe), Andoain-Villabona (bukatu gabe).

    Aldundiari behin eta berriz Planaren gauzatze-mailari buruzko informazio eguneratua eskatu diogun arren, ez digu eman, baina joan den uztailean  lehen laurtekoaren ebaluazio-txosten TEKNIKOAren kopia bat helarazi zigun. Txosten horretatik honako paragrafo hau ateratzen dugu, gure ustez oso argigarria delako:

    Captura2Laburdilduz: Aldundiak ez zuen lehen laurtekoan aurreikusitako dirua inbertitu, zehatz-mehatz, behar baino 5,7 aldiz gutxiago inbertitu zuen. Bigarren laurtekoan inbertsioa bizkortu ezean, Plana gauzatzeko 17 urte gehiago beharko zirela aurreikusi zuen txosten teknikoak. Bada, txostena egin zenetik Aldundiak inbertsioa bizkortu ez duenez, lehen laurtekoaren atzerapenei bigarrenarenak gehitu zaizkie. Hitz gutxitan: Plana gauzatzeko epea amaitzear da eta gauzatze-maila izugarri apala da.

    COVID-19a dela eta, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak protagonismoa irabazi du. Zoritxarrez, egoerak mugikortasun mota honi ematen dion potentziala erabat garatu ahal izateko Gipuzkoan dagoen oztopoetako bat da, ezbairik gabe, Bizikleta Bideen OINARRIZKO Sarea amaitu gabe egotea. Mugikortasunaren Europako Astearen inguruko erretolika instituzionala askoz sinesgarriagoa izango litzateke baldin eta Bizikleta Bideen Plana, OINARRIZKO proiektu bat, ia zeharo alboratuta ez balego.

    EGUZKI, 2020ko iraila

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

September 2020
M T W T F S S
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930  

LIBURUAK

liburuak