Albistea

  • Coviden aurkako murrizketak ehizari gainerako jarduerei bezalaxe ezartzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari

    2020-10-28
    Partekatu - Compartelo

    Eskaera zuzen-zuzenean irakur daiteke Bizkaiko eta Arabako federazioen webgune ofizialetan.

    Eskaera zuzen-zuzenean irakur daiteke Bizkaiko eta Arabako federazioen webgune ofizialetan.

    Eguzkik Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Coviden aurkako dekretuan aurreikusi dituen murrizketak ehizari ere ezartzeko, gainerako jarduerei bezalaxe, eta, ondorioz, ehiztariei ez emateko eskatzen ari diren mesede-traturik.

    Izan ere, Arabako eta Bizkaiko Ehiza Federazioek (ez dakigu Gipuzkoakoak ere gauza bera egin ote duen) ehiza “funtsezko jarduera” deklaratzeko eskatu dute, ehiztariek hiru herrialdeetan trabarik gabe ibili ahal izateko. Hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bien ordezkari den Euskal Federazioa lanean ari omen da. Eta Arabako Foru Aldundiak, berriz, egun gutxi barru “dekretuaren interpretazioa argituko” dela ziurtatu die. Hori irakur daiteke, behintzat, aipatu bi federazioen webgune ofizialetan.

    Ehiza pasio bat da eta normala ere bada pasio horrek ehiztariak itsutzea. Baina administrazioek ezin dute itsuak balira bezala jokatu. Beste aldera ere ezin dute begiratu. Ehiztarien eskaera itsuei ezetz esan behar diete, argi eta garbi. Egiten ez badute uste dutelako, guk bezala, ehiza “funtsezko jarduera” deklaratzea zentzugabea dela, egin dezatela behintzat ehiztariekiko mesede-tratua gainerako herrietarrekiko guztiz diskriminatzailea izango litzatekeelako. Izan ere, hemen denok ditugu pasio edo zaletasunak –askoz premia larriagoak ahaztu gabe, noski– eta horiek denak, Coviden aurkako neurriak direla eta, murriztuta geratu dira. Gainerako pasio edo zaletasunekin ere salbuespenak egiten hasiko ote da Jaurlaritza?

    Gaizkiulertuak eta biktimismoak saihesteko, argitu dezagun Lehendakariaren 36/2020 Dekretuak ez duela ehiza debekatzen, alderantziz baizik. Izan ere, berariaz baimentzen du (zehatz-mehatz, eranskineko 22. puntuan). Hori bai, ehiztariak ere 2. artikuluaren esanetara jartzen ditu, hau da, ehiza beraien herrian bertan egin beharko dute edo, gehienez ere, aldamenekoan, egoeraren arabera. Hau da, Dekretuaren 2. artikuluak ehiztariak jartzen ditu perretxikozale, mendizale, txirrindulari… edo antzerkizale edo zinemazaleen parean. Gainerako guztien parean, alegia, ez gehiago, ez gutxiago. Dekretuak, ordea, ez du esaten ehiztariek hiru herrialdeetan trabarik gabe ibili ahal izango dutela beraien jarduera “funtsezkoa” delako usoak edo oilagorrak botatzeko, ezta basurdeak botatzeko ere. Dekretuak ez du horretaz ezer esaten. Beraz, ez dakigu nolako “interpretazioak” egin daitezkeen.

    Gauzak nola dauden ikusita, logikoa ere bada bakoitzak bereziki erreparatzea murrizketek bere sektoreari eta, are gehiago, bere buruari nola eragiten dieten. Baina denak eta edozerk ere ez du balio… batez ere pandemia sektore guzti-guztietan gogotik ari duela kontuan izanda.

    EGUZKI, 2020ko urria

    Bistaz ondoegi ez daudenen lana errazte aldera, ehiza-postu honi itsatsitako kartelean honako hau irakur daiteke: "Zaindu izadia, ez tirokatu zuhaitzak, mesedez".

    Bistaz ondoegi ez daudenen lana errazte aldera, ehiza-postu honi itsatsitako kartelean honako hau irakur daiteke: “Zaindu izadia, ez tirokatu zuhaitzak, mesedez”.


    Partekatu - Compartelo