Egin propaganda gutxiago eta bete gehiago bidegorrien plana

mugikortasuna13Gaur goizean, Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak antolatutako Gipuzkoa Bizikletaz II. Jardunaldietan parte hartu dutenei honako idatzi hau eman diegu, eskura.

EGIN PROPAGANDA GUTXIAGO ETA BETE GEHIAGO BIDEGORRIEN PLANA

Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak antolatuta, Gipuzkoa Bizikletaz II. Jardunaldiak egiten ari dira Miramar jauregian. Bertan, “lehen mailako hizlariak” parte hartzen ari dira “egungo egoera aztertzeko eta Gipuzkoako erronkak zehazteko”. Helburua da “gure bideetara [bidegorrietara, alegia] txirrindulariak eta oinezkoak erakartzea”. Oso ondo, baina, horretarako, Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzea ezinbestekoa da, eta Departamentuak bizikletarekin zerikusia duten agenteei galdetu dienean, guzti-guztiek halaxe esan diote.

Izan ere, Oinarrizko Foru Sare hori, dagoeneko amaituta edo amaitzear egon beharko lukeena, barraskilo-abiaduran doa, eta aspalditik dago programatutako edozein epetatik kanpo. Gogoratu behar da 2013an Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zutela. Plan hark zortzi urte aurreikusten zituen Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak… Errenteria-Irun, Lezo-Pasai Donibane, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Errekalde-Galarreta, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola…

Bidegorri hauek guztiek (eta askoz gehiago ere) iaz erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen OINARRIZKO Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla. Eta beharbada motz geratzen ari gara.

Gauzak horrela, Gipuzkoa Bizikletaz-en lehen mailako hizlariek parte hartuko dute, bai, hori ez dugu dudatan jarriko, baina jardunaldiok Aldundiak alor honetan darabilen itxurakeriaren adibide berri bat baino ez da, egingo balu bezala, baina benetan egin gabe.

EGUZKI, 2022ko azaroan