Albistea

  • Oraingoan ere zigorrik gabe geratu da ingurumenaren aurkako delitu bat: Jaizkibelen belatz handi bat tiroz botatzeagatik irekitako diligentziak itxi egin ditu Fiskaltzak

    2023-03-08
    Partekatu - Compartelo

    @maintzene bere twitter kontuan argitaratutako belatzaren argazkietako bat. Eskerrak hark hegaztia aurkitu eta kasua publiko egin zuela, seguruena inor gutxi enteratuko zen bestela.

    @maintzene bere twitter kontuan argitaratutako belatzaren argazkietako bat. Eskerrak hark hegaztia aurkitu eta kasua publiko egin zuela, seguruena inor gutxi enteratuko zen bestela.

    Joan den urrian, belatz handi bat bota zuten Jaizkibelgo ehiza-lerroan. Eguzkik eta Itsas Enarak salatuta, Fiskaltzak ikerketa-diligentziak ireki zituen. Orain, berriz, artxibatu egin ditu.

    Frogatutzat jo du belatz handia, espezie babestua, tiroz bota zutela eta hori, Kode Penaleko 334. artikuluak dioenaren arabera, faunaren kontrako delitua izan daitekeela. Baina ezin izan du jakin zehatz-mehatz nork bota zuen. Gauzak horrela, artxibora jo du.

    Eguzkin horrelako zerbait espero genuen. Izan ere, salaketa egin genuenean, honako hau esan genuen: “Badakigu horrelakoetan oso zaila dela tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea (baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere). Baina salaketen bidez bistaratu nahi dugu hemen ingurumenaren aurkako delituak egiten ari direla”.

    Eguzkiren iritziz, funtsezkoa da bistaratzea horrelakoak ez direla inolaz ere kasu bakanak edo isolatuak. Espezie babestuak tiroz botatzea arazo kronikoa da, biodiobertsitateari kalte handia egiten diona. Izan ere, 2021ean, beste belatz handi bt bota zuten Jaizkibelen bertan, eta urtero horrelako zenbait kasu salatu beharrean aurkitzen gara.

    Belatza bizirik aurkitu zuten, baina, Fiskaltzaren diligentzietan irakur daitekeenez, bi hegalak hautsita zituen. Ebakuntza egin zioten, baina hil zen.

    Belatza bizirik aurkitu zuten, baina, Fiskaltzaren diligentzietan irakur daitekeenez, bi hegalak hautsita zituen. Ebakuntza egin zioten, baina hil zen.

    Foru Aldundiari ez zaio gustatzen gertaera hauek hauspotzea –izan ere, horien berri ez du ematen, motu propio, behintzat–. Bistaratzen baldin badira, egiten duena baino gehiago egin behar duela agerian geratuko den beldur delako edo. Adibidez, horrelako kasuak gertatzen direnean, afektatutako ehiza-lerroa denboraldia bukatu arte itxi zezakeen. Are gehiago Natura 2000 Sarean integratuta dagoen mendi publiko batean gertatzen direnean, Jaizkibelen bezala.

    Horregatik, horrelako gertaeren berri izaten dugu soil-soilik botatako hegazti bat aurkitzen duenak publiko egiten duenean edo jakinarazten digunean, urrian Jaizkibelen botatako belatzaren kasuan bezala. Mendizale batzuek aurkitu, oraindik bizirik zela, eta sare sozialen bidez ezagutarazi zuten. Eta, gure ustez, hori da bidea, arazoa bistaratzea: hau ez da normala eta ez da normalizatu behar.

    Eguzkik jarraituko du horrelako kasuak salatzen eta herritarrei ere gauza bera egitetra dei egiten diegu.

    EGUZKI, 2023ko martxoan


    Partekatu - Compartelo