Albistea

  • Aldundiak Errenteria-Irun bidegorriari buruzko azterlana “lorpen” gisa saldu nahi du, baina dokumentu hori Bizikleta Bideen Plana zer puntutaraino urratu duen isla baino ez da

    2023-03-27
    Partekatu - Compartelo

    Argazkian ikusten den seinalea Gaintxurizketan dago. Metro bakar bat bidegorri ere ez dago inguruan, ez Irunerantz, ez Errenteriarantz. Baina seinaleak urteak daramatza hor. Propaganda, gurdia, beti idien aurrean.

    Argazkian ikusten den seinalea Gaintxurizketan dago. Metro bakar bat bidegorri ere ez dago inguruan, ez Irunerantz, ez Errenteriarantz. Baina seinaleak urteak daramatza hor. Propaganda, gurdia, beti idien aurrean.

    Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana erabat urratu du, eta, hala ere, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak tematuta jarraitzen du “lorpen” gisa saldu nahian erabateko urradura horren adibide garbiak baino ez direnak.

    Orain arteko azken adibidea izan da Errenteria-Irun bidegorriaren azterlana, joan den astean Romerok mugikortasun iraunkor eta ekologikoarekiko konpromisoaren isla gisa aurkeztu zuena. Honela, Romerok berriz ere jo zuen propagandara egia biribila saihesteko, alegia, Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea, dagoeneko amaituta edo amaitzear egon beharko lukeena, barraskilo-abiaduran doala eta aspaldi-aspalditik dagoela zentzuzko edozein epetatik kanpo. Maximalistak garela? Esajeratzen ari garela? Bada, ikus dezagun…

    2013an, Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zuten, aho batez onartu ere. Planaren arabera, Errenteria-Irun bidegorriak 2021etik martxan egon behar zuen. 2023an gaude, ordea, eta oraindik bidegorri-proiektua ere ez dute aurkeztu, azterlana baizik, hau da, proiektuaren aurreko dokumentua. Eta azterlan horrek dio bidegorria eraikitzeko 6 urte beharko direla. Beraz, 2021ean martxan behar zuena 2029ra atzeratu dute. Eta hori kasurik onenean eta optimismo handia izanda, kontuan hartu behar delako Gipuzkoako bidegorriek atzerapenak bata bestearen atzetik metatzen dituztela. Hor dugu, gure eskualdean bertan, Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiaren adibidea: 2018rako iragarri zuten, baina 2023an gaude, legedintzaldia ere bukatuko da eta oraindik lanik ez. Eta Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiak 270 baino ez ditu; atera kontuan zer gerta daitekeen Errenteria eta Irun bitarteko 10 kilometroetan.

    Bestalde, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak… Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Errekalde-Galarreta, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Bidegorri hauek guztiek (eta askoz gehiagok ere) 2021ean erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen OINARRIZKO Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla. Eta beharbada motz geratzen ari gara.

    Datu hauen argitan, uste dugu nahiko garbi dagoela Errenteria-Irun bidegorriaren azterlana ezin dela inolaz ere “lorpentzat” hartu, ezta mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisoaren islatzat ere. Izan ere, zerbaiten isla bada, Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana zer puntutaraino urratu duen isla da.

    EGUZKI, 2023ko martxoa


    Partekatu - Compartelo