Albistea

  • Errekalde eta Galarreta bitartean proiektatutako bidegorria zabaltzeko eskatu du Eguzkik

    2023-07-04
    Partekatu - Compartelo

    El camino de Hernani visto desde Errekalde. Lo que se ve a mano izquierda de la carretera es Lore Toki.

    Hernaniko bidea Errekaldetik ikusita. Bide ertzean, ezkerraldean, militarren esku dagoen Lore Toki etxaldea.

    Foru Aldundia Errekalde eta Galarreta bitarteko bidegorri-proiektua jendaurrean erakusten ari dela eta, aurreikusitako zabalera handitu egin behar dela alegatu du Eguzkik.

    Proiektatuak aurreikusi du 3 metro zabaleko bidegorri bat, txirrindulariek eta oinezkoek bi norabideetan partekatutakoa. Baina Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte.

    Are gehiago, 3 metrokoa da Errekalde eta Galarreta bitartean proiektatu den bidegorriaren sekzio tipoa, baina sekzio tipo hori, zenbait puntutan, 1,8 metrora ere murrizten da. 1,8 metroko puntu horietan saihetsezinak izango dira txirrindularien eta oinezkoen arteko gatazkak.

    Eta berez eskasa den 3 metroko zabalera zergatik murrizten den zenbait puntutan 1,8 metrora? Erreka bat edo baso bat babesteko? Ez, proiektu hau egiteko oinarrizko irizpideetako bat militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea izan delako. Proiektuaren memorian bertan halaxe aitortzen da: “Defentsa Ministerioaren jabetzako lursailetan inolako eraginik ez izatea”.

    Hau da, batetik, GI-2132 errepidea; bestetik, ukitu nahi ez diren militarren lursailak; eta bien bitartean, bidegorria ahal bezala “enkajatu” da, zabalera zeharo desegokia bada ere. Ez zaigu onargarria iruditzen eta horregatik bidegorria zabaltzeko eskatu dugu.

    Zabalerarena ez ezik naturarekin estu lotuta dauden beste alegazio batzuk ere aurkeztu ditugu. Izan ere, bidegorri berriak eragina izango du harizti batean. Alde horretatik, ahal den esku hartze zorrotz eta zehatzena nahi genuke, albo-kalterik gabekoa, nolabait esateko.

    Atzerapen handia

    Errekalde eta Galarreta bitartekoa da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten bidegorri horietako bat. Zehatz-mehatz, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar zuen.

    Bazirudien Mugikortasun Departamentuak berak zeharo ahazturik zuela, planifikatutako beste hainbat bidegorri bezala, harik eta orain dela pare bat urte lehen lerrora pasatu zen arte, Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguék espresuki errebindikatuta. Horrela, 2021eko urtarrilean Departamentutik iragarri zuten 2022ko udan bidegorria museoraino, behintzat, eginda egongo zela. Ez zen iragarpena bete, bistan da, eta proiektua bera orain arte ez dute izapidetzen hasi. Hasi egin dira, ordea, eta pozten gara, nahiz eta gutxienezko zabalera ez duen bidegorri bat onartzeko prest ez gauden.

    Es verdad, no hay manera segura de acudir a Chillida Leku andando o en bici. Ahora bien, si este bidegorri es estratégico es porque permitirá conectar las redes del valle del Urumea con las del Oria y la costa.

    Egia da, gaur egun ez dago Chillida Lekura oinez edo bizikletaz joateko modu segururik. Hala ere, Errekalde-Galarreta bidegorria garrantzitsua da, oroz gain, Gipuzoako ekitaldetik datozen bidegorriak kostakoekin lotzea ahalbidetuko duelako.

    Bestalde, badirudi interes handia dagoela bidegorria Chillida Lekuraino egiteko. Hortik aurrera, berriz, interesa ez da hain esplizitua izan, orain arte, behintzat. Beraz, adi egon beharko da, Errekalde-Galarreta bidegorria ez baita soilik garrantzitsua Chillida Lekuri zerbitzua emango diolako, jakina, baizik eta Urumea bailarako eta, oro har, Gipuzkoako ekialdeko bidegorriak eta Oria bailarako zein kostaldeko bidegorriak lotzen ahalbidetuko duelako.

    Diputazio berriak lan handia du bidegorri-kontuetan

    Nolanahi ere, askotan esan dugun bezala, Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Errekalde-Galarreta atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Oraindik egin gabeko edo osatu gabeko bidegorrien zerrenda luze baino luzeagoa da… Errenteria-Irun, Lezo-Pasai Donibane, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola…

    Hona hemen datu ofizial ezin adierazgarriago bat: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, % 33,8. Diputazio berriak baditu, bai, bidegorri-kontuetan egunean jartzeko lana eta premia.

    EGUZKI, 2023ko uztaila


    Partekatu - Compartelo