Albistea
-
Stop Guggenheim Urdaibai! Urriaren 28an kaleak hartuko ditugu!
2023-10-26
Busturialdea duin eta justu baten alde lanean dabilen eragiletzat zaituztegulako jaso duzue idatzi hau. Dakizuenez, Bizkaiko Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin batera, Guggenheim Urdaibai izeneko proiektua gauzatu nahi du, gure eskualdeari bultzada ekonomikoa emateko aitzakiapean. Proiektu horren barruan, honako hauek sartzen dira: bi museo (Muruetako Astilleroetan eta Gernikako Dalia fabrikan), baita horiek funtzionatzeko behar den azpiegitura guztia ere (bereziki, ingurune oso sentikorrean eraiki nahi duten palafitoa).
Busturialdeak plangintza eta inbertsioa behar dituela? Ados! Hori horrela bada ere, urte luzez eskualdea guztiz ahaztuta eduki duten erakundeek ondorio kaltefarriak izango dituen proiektu zehatz bat inposatu nahi digute. Horren aurrean, herritar ugari plataforma batean elkartu gara.
Instituzioek eta politikariek aldaketaren ikur bihurtu nahi dute Guggenheim Urdaibai proiektua, berarekin batera ekarriko dituen eragin negatibo ugariei erreparatu barik:
1. Ez dute eman Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko informazio argirik, eta herritarrok ez dugu izango egitasmo horren inguruan erabakitzeko eskubiderik.
2. Proiektuak ez ditu betetzen Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duten lege ugariak (PRUG, kostako legeak, Natura 2000, ZEPA, ZEC…). Are gehiago, lege horiek aldatu egin nahi dituzte, nahiz eta agerikoa izan krisi ekologiko larri batean murgilduta gaudela.
3. Muruetako museoa Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatu nahi dute. Horretarako, Astilleroek urte luzez beren jardunarekin kutsatutako ingurunea —legearen arabera haiek konpondu behar luketena— denon diruarekin garbitu nahi dute (prebarikazio-delitua barne). Gainera, proiektu horrek eragin negatibo nabarmena izango du inguruko faunan eta floran.
4. Herriaren ondare historiko eta naturala nabarmenki erabili eta eraldatu nahi dute interes pribatuen mesedetan.
5. Lehen eta bigarren sektoreen egoera kezkagarria zaindu ez eta, inbertsio osoa turismoaren sektorera bideratu nahi dute, aipatu ere egin gabe horrek izan ditzaken ondorio negatiboak: etxebizitzen prezioak igotzea, lana prekarizatzea (batez ere gazteei, emakumeei eta migratzaileei eragingo lieke), euskararen kaleerabilera gutxitzea, gentrifikazioa, uraren gehiegizko erabilera (gabezia handia dugu jada) eta abar.
6. Bertoko kultura eta euskara babestea lehenetsi behar dugu. Proiektu honek aurrera egiten badu, ez da dirurik bideratuko eskualdeko sortzaileengana. Gainera, turisten etorrera masiboak kalte izugarria eragin diezaioke euskararen erabilerari.
Gure eskualdea maite dugu, eta berton bizi eta lan egin nahi dugu, inork gure etorkizuna arriskuan jarri barik. Horregatik, New Yorketik, Aldunditik eta interes pribatuetatik datorren proiektu hau gelditzea exijitzen dugu.
Herritarrok aukera izan behar dugu nolako eskualdea nahi dugun eztabaidatu eta hausnartzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da prozesu partizipatibo eta ireki bat abiatzea.
Horregatik guztiagatik, urriaren 28an manifestazioa egingo dugu Gernikan, Guggenheim Urdaibai Stop! lelopean. Zuek ere deialdiarekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu, proiektuaren kontrako adierazpenean ahalik eta jende gehiena batzeko.
Eskerrik asko!
GUGGENHEIM URDAIBAI STOP plataforma