Albistea

  • Tolosako erdiguneko tren-geltokia zaharberritzeko proiektua berriz ere atzeratu dela salatu du Eguzkik

    2024-01-25
    Partekatu - Compartelo

    ADIFek Tolosako erdiguneko tren-geltokia zaharberritzeko konpromisoak berriz ere urratu dituela salatu du Eguzkik. Agindu zuenaren kontra, lanak ez dira ez lizitatu ez esleitu 2023an. Are gehiago, proiektuak behin betiko onarpena jaso gabe jarraitzen du; beraz, Udalarekin sinatu behar den hitzarmena ere ezin izan da sinatu.

    Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia, ezta hurrik eman ere. Ikusi, bestela:

    – Tolosako erdiguneko tren-geltokian oztopo arkitektonikoak hain dira handiak (*) ezen Arartekoak “iritsezintzat” jo zuen 2011n egindako txosten batean.

    – Arazoari heldu behar ziola onartu zuen ADIFek 2014ko plan batean.

    – Proiektuaren esleipena 2017an iragarri zuen. Idazteko epea bost hilabetekoa zen.

    2017ko albiste bat.

    – 2019an, ezer ez zela mugitzen ikusita, protesta berriak izan ziren. Orduan esan zuen ADIFek proiektua idatzita zegoela eta aztertzen ari zirela.

    2019ko albistea.

    – Proiektua 2021. urtera arte ez zuten aurkeztu. Hori bai, oraindik aztertzen ari ziren. Behin betiko onarpena falta zuen, alegia.

    – 2023ko martxoan, ADIFek eta Tolosako Udalak bilera bat egin zuten. Bilera hartan, ADIFeko ordezkariek atzerapena onartu eta “barne-arazoen” ondorio izan zela esan zuten. Proiektura “giza baliabide gehiago bideratzeko konpromisoa” hartu zuten, proiektua “uda aurretik” onartu eta “urtea amaitu aurretik obren lizitazioa abiarazi eta lanak esleitu ahal izateko”.

    Iazko martxoan egindako bileraren berri eman zuten albisteetako bat. Agindutako ezer ez da bete.

    – 2024an gaude, ordea, eta, arestian esan bezala, lanak ez dira ez lizitatu ez esleitu. Izan ere, proiektuak oraindik behin betiko onarpena falta du.

    Memoriak huts egiten ez badigu, 2008an salatu zuen Eguzkik lehen aldiz tren-geltoki horren egoera. Geroztik, behin baino gehiagotan gogoratu dugu hori lotsagarria dela. 2021ean proiektua aurkeztu zutenean, berriz, zera esan genuen: “Ongi etorria izan bedi hain beharrezkoak diren lan hauek hasteko prozesua abiatu izana, baina arduradunak orain arte zein motel ibili diren ikusita eta Urnietako eta Andoaingo geltokien aurrekariak ikusita, beldur gara 2025era arte, behintzat, Tolosak ez duela apeadero seguru eta irisgarria izango”. Ba, begira, gauzak nola dauden ikusita, ematen du optimistegiak eta guzti izan ginela.

    ALDIRIKO TRENAREN ABANDONUA

    Tolosako geltoki honekin gertatzen ari dena eskandaluzkoa izanda ere, administrazioak Irun-Brinkola linea eta, oro har, aldiriko tren-zerbitzuak nolako abandonu-egoeran dituen adibidea baino ez da.

    Aldiriko lineetan, oztopo arkitektoniko handiak dituzten geltokiak daude, batzuetan gaindiezinak; erabiltzaileek hainbatetan trenbide gainetik pasatu behar dute, lurpeko pasabiderik ezean; pasonibel arriskutsuak ere badira; tren-zerbitzu ugari bertan behera gelditzen dira behar beste langile ez dagoelako, sarri aurrez abisatu gabe, gainera; atzerapenak kronikoak dira; informazioa eskasa da; makina eta bagoiak zaharrak dira… Faktore horiek eta beste batzuek zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetara eraman dute zenbait lineatan, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala.

    Gauzak horrela, bolo-bolo dabil aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia, urte askotako blokeoa gainditu ondoren, EAEra iristear dela. Ez dugu negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen, noski, baina Eguzkikook argi ikusten dugu transferentziak, oroz gain, zerbitzua hobetzeko bitartekoa izan behar duela. Horretarako dirua inbertu egin bhar da. Izan ere, sinistuta gaude egungo zerbitzua txarra dela batez ere urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako.

    Eta dirua egon badago. Horra hor Abiadura Handiko Trena.  AHTn inbertitzeko dirua baldin badago, zergatik ez “jendeak” egunero erabiltzen duen trenean inbertitzeko? Garraio publiko eta jasangarria sustatu egin behar dela esatea oso ondo dago, baina soil-soilik esanak eta eginak bat badatoz.

    EGUZKI, 2024ko urtarrila

     

    (*) Erabiltzaile kopuruari dagokionez, Tolosako erdiguneko geltokia garrantzitsua da, zehatz-mehatz, seigarrena RENFEk Gipuzkoan dituen hogeita hamarren artean. Batez beste mila lagunek erabiltzen dute egunero. Hala ere, mugikortasun- eta irisgarritasun-aldetik arazo latzak ditu.

    Arazorik handiena Brinkola norabideko nasan dago. Linea osoan dagoen nasarik arriskutsuena da, ezbairik gabe. Nasa eta bagoiaren artean 50 cm-ko aldea dago, eta, gainera, altura 40 cm-koa da. Tarte hori gaindiezina da adineko eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsona askorentzat, baina, oro har, arriskutsua da edozein erabiltzailerentzat. Zeresanik ez haur-kotxearekin edo erosketak egiteko karroarekin joanez gero.

    Trena eta nasaren arteko tartea oso-oso arriskutsua da.

    Gainera, kalea eta nasa bitartean 24 eskailera-maila daude. Arartekoak 2011n egin zuen txostenean, zera esan zuen: “Oso esperientzia zailari aurre egin behar diote mugikortasun urriko pertsonek”.

    ADIFek 2021ean aurkeztu zuen proiektuaren arabera, eskailerak egokitu, igogailuak ezarri, nasak zabaldu eta trenbide gaineko pasarela bat ere eraikiko da. Pasarela horrek, gainera, Monteskue auzora iristea erraztuko du.

    Aurrekontua 3 milioi eurokoa da.


    Partekatu - Compartelo