Irun-Brinkola linean eginiko murrizketa berriak salatu ditu Eguzkik
Murphiyk zioenez, egoerarik zailenak ere okerrera egin dezake, nabarmen okerrera, gainera, eta arrazoi oso-osoa zuen. Izan ere, Irun-Brinkola aldiriko linean zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetan zegoela uste genuen, eta hala salatu dugu behin baino gehiagotan. Baina hara non RENFEk jakinarazi duen gaurtik aurrera trenen maiztasuna izugarri murriztu eta bidaien iraupena, berriz, nabarmen luzatuko direla. [Gaurtik aurrera, esan dugu, baina, egia esan, asteburuan dagoeneko nabaritu egin dira murrizketak (*).]
Eta murrizketa hauei gehitu beharko zaizkie azken urteotan eguneroko ogi izan diren trenen atzerapenak nahiz suspentsioak, horiek, itxura guztien arabera, jarraituko baitute. Hauek guztiak obren albo-kalteak dira, noski, zeren eta, orain arte esan ez dugun arren, murrizketa hauek oraingoan ere AHTren obren ondorio baitira. Bai, oraindik ez dakigu milioiak eta milioiak xahutu eta xahutzen jarraitzen duen AHTa inoiz inora iritsiko den, ezta exekutiboak eta turistak bakarrik garraiatuko dituen. Baina badakigu, bitartean, ohiko trenak, herritarrek egunero lanera edo ikastera joateko erabiltzen duten trenak, etengabe degradatzen jarraitzen duela. Esan dezagun, bide batez, ez dugula uste kasualitatea izan denik RENFEk murrizketa berriak iragartzeko hauteskundeak igaro arte itxaron izana; izan ere, lehenago eginez gero, ziur gaude kanpainan baten bati kontrako eztarritik joango zitzaiola mugikortasun iraunkorrari eta garraio publikoaren abantailei buruzko diskurtsoa.