Albistea

  • Gladys del Estalen omenaldia, irudietan

    2024-06-01
    Partekatu - Compartelo

    Astelehenean, ekainak 3, 45 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan. Eta aurten ere Gladys gogoratu dugu Donostian, gaur eguerdian, aurresku, lore, kanta, musika eta bizikleten artean, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak Gladys Enean antolatutako ekitaldi batean. Honako esteka hauetan bideo adierazgarriak aurkituko dituzue, lehendabiziko biak omenaldiaren hainbat zatirekin osatutakoak; besteetan, berriz, Gladysen oroitarrira erromerian igotzen eta Esther Zabalegi jotera veterano eta Gladyszale porrokatuaren interbentzioetako bat.

    Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 45. urteurrenean (eitb.eus)

    Las reivindicaciones de Gladys del Estal, muy vigentes en el 45 aniversario de su muerte | Euskal Herria | Naiz

    Gladysi omenaldia 2024 (youtube.com)

    Mikel Karton bi kanta eskaini ditu.

    BizilagunEKIN kolektiboko kideak aktualitateaz aritu dira.

    Esther Zabalegik aurten ere ez du huts egin.

    Baina, askotan esan dugun bezala, Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako eta “gutako bat” izan zelako, bai, eta erabat zigorrik gabe geratu zen hilketa hura ahazterik ez dagoelako. Baina gogoratzen dugu, batez ere, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiek bizi-zizirik dirautelako. Horregatik, omenaldian, ohi bezala, ez da falta izan aktualitateaz hitz egiteko tarterik. Eta aurten tarte hori bete du BizilagunEKIN kolektiboak, Eguzkik bezala, Donostia Defendatuz koordinadoran parte hartzen duena. Begira zer esan diguten…

    Gladysen omenaldian hitza hartzea ohorea da. Elkartzen gara gogoratzeko errepresio indarrek hil zutela eta hilketa horren inguruan ez dela justiziarik egin ordutik. Elkartzen gara ere, gogoratzeko duela hamarkadak zentral nuklearren aurka eta beste hainbat kausaren alde milaka pertsona mobilizatu zirela. Balio digu gogoratzeko aspalditik garesti ordaintzen dela konpromiso soziala, baina, hala ere, honek ez duela etenik izan.

    Izan ere, Gladys del Estal erreferente bihurtu da Euskal Herrian, natura eta herriaren defentsan konprometitutako militante bezala. Baina aipatu nahi nituzke, Gladysen omenaldia 45 urtez umiltasun eta kariño guztiarekin antolatzen aritu diren lagun eta auzotar guztiak. Gladysen figura sinbolo bat den bezala, donostiarrontzat bere omenaldia ere erreferentzia garrantzitsua da eta.

    Omenaldi honek erakusten du hemen gaudenok hari bati segida ematen diogula. Justiziarik ez dagoela, eta borrokarako arrazoiak ez direla falta. Tuteran eta euskal kostaldean zentral nuklearrak bultzatzen zituztenak dira gaur egun energia iturriekin aberasten eta planeta arriskuan jartzen jarraitzen dutenak; Bardeetako poligono militarra bultzatu zutenak dira gaur egun palestinarren sarraskia babesten eta errazten dutenak; eta gure hirian ere, herritarron aspaldiko arazoek irauten dute eta larriagotzen ari dira.

    Askok ez dute jakingo Gladys del Estal militante ekologista izateaz gain Etxebizitza Espekulazioaren Aurkako talde bateko kide zela. Hari hori ere ez delako eten, egon ginen pasa den astean kalean DONOSTIA EZ DAGO SALGAI oihukatzen. Donostiaren turistifikazioa eta elitizazioa donostiarron bizitzen aurkako erasoak dira. Etxebizitza larrialdiak hiritik botatzen ditu bizilagunak; kaleak kontsumora soilik bideratzeko eraldatzen dituzte; parkeak eta ingurune naturalak mehatxupean daude etengabe; auzoetako loturak desegiten ari dira eta Egian, Grosen Loiolan edo Ibaetan dirudunak bakarrik bizi daitezkeela normalizatu nahi dute.

    Kontatzen digute hau hiriaren arrakastaren ondorioa dela. Edertasunaren eta bizimodu onaren hirian bizitzeak dituen ondorio lojikoak direla sinistea nahi dute. Ez da horrela.

    Hemen gertatzen dena da, beti gertatu izan den bezala, batzuk diru asko irabazten ari direla. Eta diruzale horiek, prest daudela edozein muga zeharkatzeko aberastasun hori haunditzen jarraitzeagatik. Prest daude gure gainetik pasatzeko, hiria bera hondatzeko, natura larriki kaltetzeko. Eta arriskuan jartzen ari dira gure bizimoduak, gure etorkizuneko ikuspegiak eta gure bizi proiektuak. Gure bizilagunekin, senideekin eta auzotarrekin ditugun loturak ahultzen eta desegiten dituen hiri-eredua bultzatzen dute diru truke.

    Zorionez, itxaropenez begiratzen diogu geroari. Salgai ez dagoen Donostia bizirik dago. Gure buruak defendatzeko prest gaude. Hori da egiten ari garena eta hori da egin behar duguna. Belaunaldiz belaunaldiko borrokaren hariari segida ematen diogu. Arazoak eta erasoak maila indibidualetik harago ulertzen ikasi dugu. Bizilagunenak gureak dira. Isolamenduari eta etsipenari antolakuntzaz egiten diogu aurre. Hamarnaka talde, elkarte eta mugimendu daude martxan hirian. Eta denak eta gehiago dira beharrezkoak. Gertutik hasita, behetik gora, gure bizitzen defentsan mugitu egin behar gara.

    Ez da epeltasunerako eta geldotasunerako garaia. Gladysek bezala eta gure aurretik beste hainbatek egin bezala, gure bizitzetan tartea egin behar diogu ingurukoekin hitz egin, antolatu eta borrokatzeari. Jokoan dagoenak merezi du eta badugu nora begiratu nola egiten den jakiteko.

    Gora gu ta gutarrak! Gora Gladys!

    TUTERAN ERE GLADYS GOGOAN

    Tuteran ere Gladys gogoan izango dute egunotan, nola ez. Bihar igandean, Bardeako Martxan.  Astelehenean, berriz, Ebroko zubian, hil zuten lekuan bertan.


    Partekatu - Compartelo