Albistea

  • Angulak Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko eskatu du Eguzkik

    2024-08-06
    Partekatu - Compartelo

    Aingira europarra –eta, ondorioz, angulak– Babes Bereziko Basa-faunaren Zerrendan eta Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko eskatu dio Eguzkik Trantsizio Ekologikorako Ministerioari. Eskaera egin du aipatutako bi dokumentuak eguneratzeko Ministerioak abiatu duen kontsulta-prozesuaren barruan.

    Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

    Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera.

    ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

    Europar Batasunak ez du debeku osoa ezarri, baina hainbat neurri hartu ditu. Horrela, 2023ko urtarrilean onartu zuen Araudiaren bidez, angularen aisialdiko arrantza debekatu egin zuen, eta, hain justu, aisialdikoa izan da aspaldi honetan Gipuzkoan eta Bizkaian egin den arrantza mota bakarra. Aukera bikaina zen Eusko Jaurlaritzak aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko. Alabaina, hori egin ordez, eta Batasunaren Araudiari iskin eginez, Gipuzkoan eta Bizkaian angularen arrantza profesionalizatzeko dekretu bat onartu zuen Urkulluren Gobernuak legegintzaldiaren azken bileran. Pradalesen Gobernu berriak aukera bikaina du erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen duen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez den.

    EGUZKI, 2024ko abuztua


    Partekatu - Compartelo