Albistea

  • 4 hilabete “errestaurazioen” ondoren, Deba-Zumaia Biotopoak ebakuntzaren zauriak agirian dauzka oraindik

    2011-05-17
    Partekatu - Compartelo

    EGUZKIk Aldundiaren jardunik eza salatzen du 2010eko azaroaren 14an, Motxo txalupak hondoa jo zuen zirkunstantzia arraroetan Deba-Zumaia arteko haitzetan, Elorrixa parean, Biotopo izendatutako lekuan.
    deba-zumaia

    2010eko azaroaren 14an, Motxo txalupak hondoa jo zuen zirkunstantzia arraroetan Deba-Zumaia arteko haitzetan, Elorrixa parean, Biotopo izendatutako lekuan.

    Ontzia desegiteko obretan erabilitako teknika oso gogorra izan zen, Elorriagatik kostalderako pista asko handitu baitzuten, garabi eta kamioiak pasatzeko.  Obra horien ondorioz Biotopoak orbain handia dauka, Zumaiatik ere ikusi ahal dena.

    Eguzkik Diputazioari salaketa egin zion, berau baita biotopoa babestu eta kudeatu behar duen erakundea. Erakunde honek erantzun zuen lekua bere lehengo egoerara bueltatuko zutela obrak amaitutakoan.

    Bi hilabete beranduago – martxoan- berriro ere atentzioa deitu genion Aldundiari, errestaurazio obren emaitza eskasengatik, tokiak ilargiko paisaiaren itxura baitzeukan, lehengo egoerarekin zerikusirik ez zeukana.

    Aldundiko biotopoen arduradunak prentsaren aurrean hitz eman zuenez, “hilabete baten erakutsi ahalko dugu kaltetutako lekua istripuaren aurretik zegoen modura geratu dela”.

    Ez hilabete bat ez bi. Lau hilabete pasatu dira desmuntatze eta ateratze obrak amaitu zirenetik, eta pista ez dute bueltatu lehen zeukan egoerara, ezta gutxiagorik ere.

    Pistak obrak amaitu zireneko zabalera handiarekin jarraitzen du, leku batzuetan 6 metrokoa ere badena. Ez hori bakarrik, bere goiko aldean harriak bota dituzte eta hormigoi isurtegiak eraiki dituzte. Horregatik, uste dugu lekua lehengo egoerara bueltatzeko asmorik ez dagoela, eta horrelaxe utzi nahi dutela.

    Itsasora doan bide zatian ere ez da ezer egin egoera lehengora bueltatzeko eta pistaren zabalera txikitzeko. Lekuaren egoera obrak amaitu zirenekoa da. Orbana izugarria da oraindik ere, eta hori 4 hilabeteko ustezko errestaurazio lanen ondoren.

    Aldundiak ez du bere hitza bete, ez baitu pista bere lehengo neurri txikiagora bueltatu. Hori bai, simaurra bota dute mendoitz batzuetan, baina egindako beste guztiak ez du fruiturik eman oraindik. Badirudi oraingoan ere naturak bueltatu beharko diola lehengo itxura lekuari, denborarekin eta ahal duen neurrian.

    Pena da kanpainako egun hauetan promesaz josten gaituzten politikoek pista horretan mitinik ez ematea, biotopo batean zer egin behar ez den erakusteko.

    Bestalde, inork badaki zergatik agertu zen Motxo hor? 6 hilabete pasa dira “kaxa urdina” berreskuratu zenetik, eta publikoki inork ez daki ezer. Egiptologo bati esan beharko diogu klabeak argitzeko?

    Dirudienez, ez dute ingurumen berreskurapenean bakarrik suspenditzen, informazio gardentasunaren froga ere ez dute gainditu.

                                        EGUZKI

                            2011ko maiatzean

    Tf :688 68 13 67

    http://eguzkidonostia.blogspot.com


    Partekatu - Compartelo