Albistea

  • Urkulluren aurrean AHTren aurka protesta egiteagatik zazpi lagun epaituko dituzte datorren osteguna 29a Donostian

    2015-01-23
    Partekatu - Compartelo

    urkullu mugitu bajate burro urtarrilak 29Iturria: Mugitu !

    Kontzentrazioak deitu dira Donostian eta Iruñean

    Datorren ostegunean, urtarrilak 29, AHTren aurkako zazpi ekintzaile epaituko dituzte eguerdiko 12etan Donostiako Epaitegian, hain zuzen ere joan den azaroaren 5ean Urkullu lehendakariaren aurrean AHTren aurka protesta egiteagatik. Protesta hura Donostiako Kursaal jauregian egin zen, Eusko Jaurlaritzak “25 urte jasangarritasunaren alde” izenburupean eta Urkullu lehendakaria buru zela antolaturiko ekitaldian. Urkullu hizketan hasterakoan AHTri desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu! mugimenduko 7 lagun eszenatokira igo eta “AHT JASANGAITZA” eta “EAJ HIPOKRITAK” zioten kartelak erakutsi zituzten azpiegitura erraldoi honen aurka kantak eta aldarriak oihukatu zituzten bitartean.

    Hortaz, epaiketa salatzeko eta epaituei sostengua adierazteko kontzentrazioa deitu du Mugitu! mugimenduak goizeko 11’30etan Donostiako Epaitegiaren aurrean; bertan epaituek komunikabideei adierazpenak egingo dizkiete eta Urkullu lehendakariaren zaldizko estatua ikusgarri bat ere inauguratuko da, Urkullu kasu honetan asto baten gainean irudikatuko duena “URKULLU ASTOAREN GAINETIK JEITSI HADI!” goiburuarekin. Halaber, Iruñeako jubilatuen Sasoia Elkarteak deituta, nafar hiriburuko Foru Monumentuan beste elkarretaratze bat egingo da ostegunean eguerdiko 1etan, epaituriko lagunetako bat Sasoia elkarteko kidea izanik.
    BARCINA bajate burro AHT
    Epaiketa honen harira, epaituek Kursaalean egin bezala, Mugitu!k ozenki salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak bere burua harrokeriaz “jasangarri” gisa aurkezten duen bitartean Euskal Herrian inoiz  egin den azpiegiturarik txikitzaileena bultzatzen duela. AHTak, ingurumena gogor erasotzearekin batera, baliabideen xahuketa ikaragarria dakar (materiala, energetikoa, ekonomikoa), etorkizunean guztiontzako hipoteka bat izango delarik. “Jasangarritasuna” egungo gezurrik handienetarikoa da: baliabideen xahuketaren, petrolioaren gailurraren, aldaketa klimatikoaren eta, nola ez, azpiegitura txikitzaile eta ezbeharrezkoen inposaketaren aroan bizi gara. Azken horien artean AHTa dago.

    Hala ere, “jasangarritasunaren” leloa markak, produktuak eta, zergatik ez, politikariak publizitatzeko erabiltzen den itxurakeria ideologikoaren parte izatera pasa da. Hartara, “HIPOKRESIA JASANGARRIA” salatzen zen Kursaaleko protestan ekintzaileek botatako eskuorrian. Eta “zikinkeria” ez da, Urkulluk orduantxe gaizki esan bezala, lurretik jaso zuen eskuorri hura: zikinkeria AHTa eta proiektu txikitzaileak dira, zikinkeria azpiegitura horien gaineko eztabaida nola lapurtu zuten da, zikinkeria AHTri buruz egindako herri galdeketak nola mesprezatu zituzten da, zikinkeria proiektuaren opakotasuna da, eta zikinkeria eraikuntza-enpresen eta proiektua sustatu dute alderdi politikoen artean pastela nola banatu duten da.

    Hori denagatik, Donostian eta Iruñean egingo diren elkarretaratzeetan zuen partehartzea  espero dugu eta zuen inguruan deialdi honen berri zabaltzea eskatzen dizuegu. Donostiako kontzentrazioaren kartela bidaltzen dugu.

    Harremanetarako tlfnoak:
    628243066 (epaituak)
    695715510 (Donostiako epaitegiko sostengu kontzentrazioa)


    Partekatu - Compartelo