Albistea

  • Hego Euskal Herriko biztanleen %57k kutsatutako airea arnasten dute

    2008-07-09
    Partekatu - Compartelo

    berria/Deia/Ecologistas en acción 2008.07.08 Hego Euskal Herriko biztanleen erdiek baino gehiagok kutsatutako airea arnasten du. Ekologistak Martxan-ek bildutako datuen arabera, biztanleen %57k sufritzen du kutsadura hori, gutxienez. Izan ere, airearen kalitatea aztertzen duten estazioak ez daude herri guztietan, eta ikerketan agertzen diren herri horietako batzuk kutsatutako airea izan dezaketela uste du Ekologistak Martxan-ek.

    kutsadura

    Hego Euskal Herriko herrialdeetan gehien agertzen den gai kutsatzailea partikula esekiak dira. Jatorri asko izan ditzake kutsadura horrek, elementu asko sartzen baitira horren barrenean. Autoek erretzen duten erregai fosilaren hondakinak izan daitezke, baita bestelako kutsatzaileek eguraldi baldintza zehatzetan sortutako elementuak ere. Kutsadura hori Hego Euskal Herriko biztanleen %57ra heldu da, txostenaren arabera.

    Estazio batzuek partikula esekien ezohiko kopuruaz gain, nitrogeno dioxidoagatik sortutako kutsadura sumatu dute. Barakaldo (Bizkaia) eta Bilbo inguruan sumatu dute hori, eta Hego Euskal Herriko biztanleen %26 bizi da inguru horretan, Ekologistak Martxan-en datuen arabera.

    Nafarroak ozonoak sortutako arazoak sumatzen ditu, horren inguruko datu askorik ez dagoen arren. Dena den, txostenaren arabera, arazo gehienak hegoaldean izaten dira, herrialdeko beste eskualdeetara zabaldu daitekeen arren une jakinetan.

    OMEren aholkuak, muga

    Airean egon daitezkeen gai kutsatzaileentzat gehienezko kopuruak zehazten ditu Espainiako araudiak, bai kopuruan, eta baita gai hori gehienezko muga gainditzen dituen egun kopuruan ere. Muga horiek gaindituz gero, kutsatutako airetzat hartzen da. Ekologistak Martxan-ek Espainiako araudiaz gain, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) aholkatutako mugak ere aintzat hartu ditu, Espainiakoak baino zorrotzagoak haiek.

    Airearen kalitatearen inguruko txostena egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako zailtasunak kritikatu ditu Ekologistan Martxan-ek. Hala, datuak «ezin modu nahasiagoan» eskaintzen direla azpimarratu du. Horrez gain, salatu du airearen kalitatea neurtzeko estazioak enpresa kutsatzaileenak direla eta, ondorioz, ezin izan dituztela datu horiek bildu. Egoera bera Nafarroako hegoaldean gertatu izan zaiela jakinarazi dute.

    Arazoak arazo, txostenan hiri askotako airea kutsatuta dagoela jasotzen da. Kutsadura horrek bizi-kalitatea murrizten duela azpimarratu du talde ekologistak. Gizartearen mugikortasun ohituren azterketa eskatu du, autoaren erabilera murrizteko.

     

     

    Kutsadura

    GAI KUTSATZAILEAK

    Nitrogeno dioxidoa. Autoek igortzen duten gai kutsatzailearen oxidazioaren ondorioz sortzen da. Hirietako trafikoaren erakusgarritzat har daiteke. Haurrengan eta asma dutenengan du eragin gehien.

    Partikula esekiak. Partikula organiko zein inorganiko asko daude izen horren barrenean. Auto zirkulazioak sor ditzake, besteak beste, eta hainbat neurri dituzte. Zientzialarien iritziz, kutsadura arazo handienetako bat da. Partikula txikienak odol zirkulaziora hel daitezke.

    Troposferako ozonoa. Baldintza egokiak ematen direnean, beste gai kutsatzaileen ondorioz sortzen da, eta hiribilduetan gertatzen da batez ere. Oxidatzailea da, eta begiak zein birikiak minbera ditzake.

    Sufre dioxidoa. 80ko hamarkadan gehien ematen zen kutsatzailea. Berogailu sistemetatik ikatza kentzen hasi zenetik behera egin du.

    Lea el informe completo de Ecologistas en Acción


    Partekatu - Compartelo