Albistea

  • Sasiolako harrobia ustiatzen duen enpresari 60.000 euroko isuna jarri dio Urak

    2008-07-31
    Partekatu - Compartelo

    berria 2008.07.31 Ura Uraren Euskal Agentziak 60.000 euroko zigor isuna jarri dio Praileaitz kobazuloa dagoen Sasiolako harrobia ustiatzen duen Cantera de Zeleta SL enpresari. Mutrikuko Natur Taldeak iaz jarritako helegiteari erantzuten dion ebazpenaren arabera, «Zeleta enpresak Itsasertzetako Legea urratu egin du Deba ibaiko itsas eta lur eremu publikoko zerbitzugunean», Efe agentziak jakitera eman duenez. Zeleta enpresak eremu hori dagokion baimen administratiborik gabe ustiatu duela ebatzi du Ura agentziak, eta «huts arintzat» hartu du lege urratzea. Tipologia horretako lege urratzeen barruan, 60.000 eurokoa zen Ura agentziak jar zezakeen isunik altuena.

    sasiolako harrobia

    Mutrikuko Natur Taldeak abiarazi zuen iaz Zeleta enpresaren aurkako zigor espedientea, Praileaitz Goi Paleolitoko aztarnategiaren inguruko mendi hegalean Sasiola harrobia ustiatzen duen enpresak ez duelako 1988ko Espainiako Itsasertzetako Legea betetzen. Ondoren, Uraren Euskal Agentziak Praileaizko mendi hegalean ez jarduteko ohartarazi zion Amenabar taldeko enpresari, pasa den otsailaren 15ean, mendi hegal osoa babestuz. Martxoaren 11n Zeletak helegite idatzia aurkeztu zuen, eta han argudiatu zuen 2007ko ustiapen lanak Jaurlaritzako Industria Sailak onartutako azterketa baten ondorioz egin zirela eta, beraz, lege urraketarik izanez gero horren ardurak Jaurlaritzak dituela. Orain isuna jarri duena, berriz, Uraren Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailaren agentzia da.

    Urak Zeletari jarri dion isunak bigarren atal bat ere badu, 60.000 euroko isunaz gain. Sasiolako harrobia ustiatzen duen enpresak Goi Paleolitoko aztarnategiaren mendi hegala eta ingurunea «lehen zegoen egoerara» itzuli beharko du, eta gune hori birgaitzeak ekarriko dio «benetan kostu handia» Zeleta enpresari, Ura agentziaren arabera, 60.000 euroko isunak, bere horretan «hutsaren hurrengoa» irudi bailezake, «harrobia ustiatzen duen enpresak denbora errealean irabazi ahal izan duenaren aldean».

    Zeleta enpresak, orain, 15 eguneko epearen barruan aurkeztu ahal izango du helegitea, zigor espedientearen instrukzioa daraman funtzionarioari, Esperanza Zurinagari, hain zuzen ere. Kasuko agiri eta helegite guztien ardura du Zurinagak, eta Ura agentziak azken hitza. Isun ekonomikoa ezartzeko eta kobazuloaren ingurunea lehengoratzeko erabakia hartzeko, Urak hainbat azterketa topografiko egin ditu.

    Hegala babesteko eskaera

    Mutrikuko Natur Taldeak iaz jarritako helegite honen azken helburua Madeleine aldiko (duela 15.500 urte) xaman batek utzitako lepokoak eta duela 18.000 urteko margoak babestu eta Sasiolako harrobia gune jakin horretan ixtea da, Zeleta enpresari berau ustiatzeko baimena kenduta. Uraren ebazpenaren arabera, mendi hegala lehengoratu eta birgaitu egin beharko duen arren, ur agentziak ez du zehaztu Amenabar taldeko enpresak aurrerantzean gune horretan ustiatuko duen ala ez.

    Mutrikuko Natur Taldeak Praileaitz kobazuloa bere testuinguruan interpretatu beharraz ohartarazi du, Praileaitzen Lagunak kultur taldeak eta Goi Paleolitoko aztarnategia ustiatzen duen Aranzadi Zientzia elkarteak berak bezala, horretarako Ura agentziak babestu duen mendi hegal osora Eusko Jaurlaritzaren babes dekretua zabaltzeko eskatuz. Berriki, Jean Clottes historiaurrearen ikertzaile frantziarrak ere kobazuloa bere testuinguru naturaletik bakandurik gelditzea «pena handia» izango litzatekeela esan du, eta Eusko Jaurlaritzak eskatu dion toxstenean kobazuloa dagoen mendi hegal osoa babestearen premia nabarmendu du.

    Labar artean munduan dauden adituetarik garrantzitsuenetako bat da Clottes, eta haren txostena erabakigarria izan da Unescok Altxerri, Ekain eta Santimamiñeko kobak gizateriaren ondare izenda ditzan. Apirilaren 24an izan zen Praileaitzen Clottes, Jaurlaritzak gonbidaturik, eta duela hilabete burutu du euskal gobernuak eskaturiko txostena. Halaber, Clottesek urte hasieran 300 aditurekin batera Jaurlaritzari babes dekretua aldatzeko eskatzen zion manifestua sinatu zuen. Jaurlaritzak, bere aldetik, ez du ez txostenaz, ez dekretuaren aldaketaz ezer adierazi.


    Partekatu - Compartelo