Albistea

  • Kopenhageko goi-bilerak porrot egin ala ez, batzuk beti ateratzen dira irabazle

    2009-12-24
    Partekatu - Compartelo

    Kopenhageko goi-bilerak porrot egin ala ez, batzuk beti ateratzen dira irabazle. Krisirik ez badago, krisirik ez dagoelako eta, krisia badago, krisia dagoelako, batzuk, beti irabazle.

    tendido electricoHorietakoak dira enpresa elektrikoak eta, horien artean, Iberdrola, jakina.

    Kopenhagen, klima-aldaketaren inguruko goi-bilera izan dela-eta, enpresa elektrikoek foro paralelo bat egin dute. Testuinguru horretan, Iberdrolako presidente Ignacio Sánchez Galánek energia nuklear gehiago, tarifa garestiagoak eta laguntza publiko handiagoak eskatu ditu. Eskaera horien oihartzuna balitz bezala, Espainako Industria ministro Miguel Sebastianek, “ekonomia iraunkorra”ren eta energia berriztagarrien garapenaren aitzakian, zera iragarri du: Gobernuak urtarriletik aurrera tarifak %2,7 garestitzea baimenduko du.
    Ez dago eskubiderik. Garoñako zentral nuklear zaharra berehala ixten bazen, tarifek gora egingo zutela iragarri zuten, mehatxu moduan. Garoñako zentrala ez da berehala itxi. Are gehiago, de facto, luzamendu berri bat egin diote, eta, hala ere, tarifak garestitu dituzte eta garestitzen jarraitu nahi dute.
    Egungo sistema energetikoa ez da iraunkorra, ez da sustenigarria. Gehienbat krisiaren ondorioz kontsumoa %8 murriztu den arren, Iberdrolak erregai fosiletan oinarritutako zentralak mantendu eta, ahal dela, ugaritu nahi ditu. Zentral nuklearrei ere, nola edo hala, eutsi nahi die, baita Garoñakoari ere, zahar eta arriskutsua den arren eta energia ekoizpenaren %1,35 baino sortzen ez duen arren.
    Eta energia berriztagarriak? Antza denez, berriztagarriak ondo daude diru-laguntza publikoak eta tarifa garestiak justifikatzeko, baina ez energia-iturri kutsagarri eta arriskutsuak ordezkatzeko. Berriro diogu: ez dago eskubiderik. Denok pairatzen dugu krisia, baina urtarriletik aurrera jende arruntaren jornala ez da %2,7 gizenduko. Batzuk, berriz, beti irabazle, botere publikoen laguntzarekin eta, gainera, “ekonomia iraunkorra” eta energia berriztagarriak sustatzeko aitzakian. Diskurtso hori “energia berdea”rena bezain iruzurtia dela salatu nahi du Eguzkik. Izan ere, biak ala biak dira enbor ustel bereko ezpalak.
      EGUZKI eta bere izenean Juan Mari Beldarrain Otamendi

    Partekatu - Compartelo