Albistea

  • Arrontegi: porlanez estaltzen ari diren berdegunea

    2012-06-15
    Partekatu - Compartelo

    Barakaldoko Udal Gobernuak bere helburu espekulatiboak aurrera eramateko aukeratu duen zonaldea Arrontegiko Parkea izan da.

    arrontegialderaketa 2008-2012- 2099

     

    ARRONTEGIKO PARKEA: APURKA-APURKA PORLANEZ ESTALTZEN ARI DIREN BERDEGUNEA
    Gaurkoan ere, ezaguna egingo zaizuen salaketa batekin gatoz: BARAKALDOKO AZKEN GUNE NATURALAK ETENGABE DESAGERTZEN ARI DIRA! Oraingo honetan, Udal Gobernuak bere helburu espekulatiboak aurrera eramateko aukeratu duen zonaldea Arrontegiko Parkea izan da.

     

    Zonalde honetan, 161 etxebizitza inguru eraikitzeko proiektua martxan jarri zuten 2002an. Horretarako, hasiera-hasieratik haien proiektu idealarekin bat ez zetozen elementu guztiak kentzen hasi ziren, eta badakigu gure herriko agintariei berdea ez zaiela gustatzen, ez behintzat naturarekin erlazionatuta dagoena, beraz, parkearen azalera murriztu dute eta noski, bidean topatu dituzten zuhaitz guztiak akabatu dituzte.

     

    Baina auzokideen begirunea ez galtzeko, parkea erdi-erditik zeharkatzen duen errepidea ere egin dute eta ez hori bakarrik, etxebizitza berri hauek Babes Lokalekoak (BLE) dira. ZE ONA DEN GURE UDAL GOBERNUA!!

     

    Baina, ipuin hau ez da hemen amaitzen, orain, sarraskia egin eta gero, 2011ko urtarrilean, proiektu hau kudeatzen ari den ERETZA S.A.-k, Barakaldoko Hirigintza Elkarteak, eraikitze lanak egiteko behin-behineko baimena enpresa bati eman zion arren, ez dira etxebizitzak eraikitzeko lanak hasi ere egin. Arazoa da, Eretzak ez daukala finantziazioa lortzeko modurik. Hala ere, etxebizitza berri hauek jabea eduki badaukate, hauen zozketa pasa den urteko uztailean burutu zen eta. Gainera, “saria”lortu zuen familia bakoitzak 3.000€ ordaindu behar izan ditu. Bien bitartean, zonalde horretan bizi ziren 20 bat familiek 2007az geroztik, behin-behineko etxeetan bizi dira. Honen harira, pasa den hilabetean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Barakaldoko Udal Gobernuari familia hauei behin-betiko etxebizitza bat emateko eskatu diote.

     

    Argi dago, Udal Gobernuari Monopoly-an jolastea asko gustatzen zaiola eta zaletasun honen ondorioz, zer daukagu orain Arrontegin? Zonalde berde gutxiago eta zementu gehiago eta zer ez daukagu Arrontegin? Babes Lokaleko Etxebizitza berriak eta politak.

     

    Baina, hau ez da proiektu bat martxan jarri eta gero diru faltagatik gelditzen duten lehenengo aldia. Basatxuko etxebizitzen eta Gorostitzako eta Errekatxoko hainbat txaleten eraikuntza ere gelditu dute. Hori bai,berreskuraezinak diren natura balio garrantzitsuak dituzten inguruneak jadanik galdu ditugu. Edonola ere, birgogoratu behar dugu Barakaldon milaka etxebizitza hutsik jarraitzen dutela eta berdeguneak suntsitzearen arrazoia ez dela herritarrek eta gazteek bereziki etxebizitza duin bat lortzeko dauzkagun arazoak konpontzea. Espekulazioa da Udal Gobernuak bultzatzen duena, horretarako geratzen zaizkigun azken gune berdeak akabatu behar baditu ere, eta ez herritarron beharrizanak asetzea.

     

    Baina guzti honek ez du axola, hurrengo propaganda kanpainan Barakaldo “Gehiagora doala” eta inon baino berde gehiago dagoela esango digute. Agian, guk gaizki ulertu dugu eta agian Lasesarreko super-kuartelaren inguruan ari dira.

     

    BARAKALDOKO EGUZKI
    2012ko ekainaren 15ean

    Partekatu - Compartelo