“Bidasoaldeko lagunak” kolektiboaren adierazpena Txingudiko hezeguneei buruz
2014-09-19
Partekatu - Compartelo
Hainbat auzo elkarte, talde naturalista eta erakunde ekologista biltzen duen “BIDASOALDEKO LAGUNAK” KOLEKTIBOAK TXINGUDIKO HEZEGUNEEN KUDEAKETA AKTIBOA BULTZA DEZATELA ESKATZEN DIE ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI
Plaiaundiko behatokiko ikuspegia
Behean sinatu dugun Auzo Elkarteen federazioak eta talde naturzaleek eta ekologistek, Txingudi Babesteko eta Errekuperatzeko Plan Berezia sinatu zuten instituzioak (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko Udalak) datorren irailaren 19an berriro bilduko direla jakinik, hitzordu berri hori poztasunez eta itxaropenez jaso dugula adierazi nahi dugu, horrek Txingudiko hezeguneen babespean eta errekuperazioan aurrera egiteko benetako interesa dagoela adierazten baitu gure ustez. Hala ere, ezin dugu ahaztu 20 urte baino gehiago igaro behar izan direla aipatutako instituzioak mahai baten inguruan esertzeko eta Txingudiko babespea eta errekuperazioa behin betiko gauzatzeko proposamenak eta lehentasunak aztertzen hasteko.
Gure ustetan, Txingudiko babespeak azken bi hamarkadetan ezagutu duen geldialditik ateratzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta elkarrekin lan egiteko garaia da. Hori dela eta, aipatu bileran ekimenak, lehentasunak eta epeak zehazten hastea guztiz garrantzitsua iruditzen zaigu.
Plaiaundiren ikuspegi orokorra, kirol instalazioak erdian dituela
Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzea azpimarratu nahi dugu. Lehengoratze ekologikoa behin betiko gauzatzea eragozten duen espazioaren okupazioaz gain, ezin dugu ahaztu bi aktibitate horien elkarbizitza ezinezkoa dela, kirol jarduerek behar duten irisgarritasun, argiztapen… baldintzek modu esanguratsuan kaltetzen baitiete hainbat babespe figura autonomiko, estatal eta nazioartekoen bidez (Plan Berezia, ZEC, ZEPA eta RAMSAR hitzarmen) babestutako hezegune honen fauna eta flora basatiari. Arrazoi horiengatik guztiengatik, Irungo Udalari, Irunen bertan, balizko beste kokapen batzuk seriotasunez aztertzea eskatzen diogu, Zubietan (Hondarribian) berkokatzeko aukera, kudeaketa, denbora eta, batez ere, borondate kontuak direla eta, bideraezina dela argi geratu baita.
Plan Berezian dauden gainontzeko inguruneen problematika ere seriotasunez, erantzunkizunez eta azkartasunez mahaigaineratzea eskatzen dugu, izan ere, ez baita onargarria horietako gehienak (Bidasoako Irlak, Osinbiribil, Alunda, Lastaola…) gaur egun akordioa sinatu zen garaian zeuden bezala jarraitzea.
Eran berean, Administrazio Publiko guztiei exigitzen diegu ere, 2015eko eta datozen urteetako diru aurrekontuetan hartutako konpromisoak aurrera eramateko beharrezko aurrekontu-sailak onartzeko.
Txingudiko hezeguneen babespearen bidean, Lapurdiko instituzioekin elkarrekin lan egiteko animatzen diegu ere, biodibertsitatearen kudeaketan negatiboki eragin dezaketen proposamenak baztertuz. Hendaiako paduraren ertzan altxatutako plataforma proposamen kaltegarri horien adibiderik argiena eta tristeena dela iruditzen zaigu.
Azkenik, datozen bileretan, sinatu dugun Auzo Elkarteen federazioaren eta talde naturzaleen eta ekologisten ordezkaritza bat egotea eskatu nahi dugu, modu horretan Txingudiko ondare naturalaren kudeaketan gizartearen parte hartzea bermatzeko.
Bidasoaldeko Lagunak
– Eguzki Bidasoaldea antinuklear eta ekologista
– Itsas Enara Ornitologia Elkartea
– Ekologistak Martxan Gipuzkoa
– SEO/BirdLife
– Federacion AA.VV OIASSO 2000 auzo elkarteen federazioa