Europar Batasuneko hamar elkarte ekologista nagusiek gogor kritikatu dute Europako Batzordeak asteartean adostutako 2015erako lan-plangintza. Agiri bateratu batean adierazi dutenez, Batzordeak atzerapauso nabarmena egin du airearen kalitateari eta hondakinen birziklatzeari dagokienez.
Europako Batzordeak erabaki du garatzeke zeuden 80 ekimen legegile –aurreko Batzordeak abiarazitakoak– kendu edo atzeratzea. Argudiatu dutenez, proposamen horietako batzuk zaharkituta daude, edo, zenbait kasutan, oso zaila izango da estatuen adostasuna lortzea.
Ekologistek atsekabez hartu dute albistea. Haien iritziz, hartutako erabakiarekin ingurumena eta jasangarritasuna lan-plangintzatik at utzi ditu EBk. Batez ere ekonomia zirkularraren neurri-sorta bertan behera uztea eta airearen kalitateari buruzko plan berriaren lausotasuna kritikatu dute.
Ekonomia zirkularraren asmoa zen materialen zikloak guztiz ixtea, hondakinetan geratzen diren baliabideak ekoizpen-prozesuetan berriro sartuz. Batzordeak berak kalkulatua zuen neurri-sorta hori aplikatuz 630.000 milioi euro aurrez zitezkeela urtero, eta 180.000 lanpostu sor zitezkeela.
Gainera, 2030erako birziklatze helburu handinahiak zituen proposamenak, besteak beste elikagaietatik eratorritako hondakinak %30 gutxitzea.
Europako Batzordeak hartutako erabakia antidemokratikotzat jo dute ekologistek, Europako Kontseiluko Ingurumen Batzordearen azken bileran 28 estatu kideetatik 23k ekonomia zirkularraren neurri-sorta mantentzearen alde bozkatu baitzuten. Hori horrela, ez zaie sinesgarria iruditzen 2015 amaieran proposamen handinahiago bat aurkezteko Europako Batzordeak egindako promesa.
Airearen kalitatea hobetzeko neurriez zalantzak
Elkarte ekologistek salatu dute, halaber, Batzordeak jarrera lausoa duela airearen kalitatea hobetzeko neurriekiko: “Baliteke bertan behera uzteko asmoa izatea, hala aitortu ez arren”.
Aurten bertan argitaratutako txosten bik gogorarazten dutenez, aire kutsatuak 450.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero Europan, eta industriak eragindako kutsadurak 190.000 milioi euroko gastua eragiten du. Aurreko Batzordeak proposatutako neurrien bidez urtero 58.000 heriotza saihestuko liratekeela uste da.