5. edukiontziaren gainean duen erantzukizuna ukatzen alferrik saiatzen ari dela erantzun diote Eguzkik eta Zero Zaborrek PSOEko bozeramaile Zaballosi.
Norberak bere ardura.
Eguzkik eta Zero Zaborrek otsailean ohar bat plazaratu genuen. Horren bidez, Lasarte-Oriak legegintzaldia birziklatze bidean pauso sendorik egin gabe alferrik pasatzen utzi duela deitoratu genuen. Halaber, salatu genuen PSOEk eta EAJ-k 5. edukiontzia etengabe barrikada gisa erabili dutela, Udalak zabor kontutan neurri eragingarriagorik ez hartzeko, baina, azkenean, 5. edukiontzia ere ez dela ezarri.
PSOEko bozeramaile eta 5. Edukiontzia Ezartzeko Udal Batzorde Bereziko presidente ere baden Jesus Zaballosi ez zitzaion gure kritika gustatu eta orain dela gutxi idatzi publiko baten bidez erantzun digu. Paradoxa badirudi ere, erantzun hori guk salatutakoa berrestera dator, hau da, legegintzaldia, birziklatzeari dagokionez, alferrik galduta dago. Are gehiago, otsailean oraindik bagenuen duda bat, hain justu, hauteskundeak izan baino lehen zenbait edukiontzi marroi auzoren batean jarriko ote zuten duda, besterik ez bada ere, egingo balute bezalako itxurak egiteko baina benetan egin gabe. Baina Zaballosen erantzunak duda hori ere argitu du. Beraz, ofíziala da: Lasarte-Oriak legegintzaldia galdu du.
Hori bai, bere erantzunean, Zaballos saiatzen da iskin egiten auzi honetan duen erantzukizunari, eta 5. edukiontzia ezarri ez izanaren arrazoiak Bilduri galdetzeko aholkatzen digu. Izan ere, Zaballosen arabera, Bildu da erantzulea, besteak beste, koalizioak 2015eko aurrekontua oraindik aurrera atera ez duelako. Guk ez dugu alderdien arteko ika-miketan sartzeko batere asmorik, baina ardura kontutan ere gauza bat oso argi dugu: bakoitzari berea…
Zaballos 5. Edukiontzia Ezartzeko Udal Batzorde Bereziko presidentea da, eta, horren ondorioz, gai honi dagokionez, erantzule politiko nagusia. Izan ere, erantzule politiko nagusi gisa agertu zen iazko apirilean, 5. edukiontzia 2014an zehar ezarriko zela iragarri zuenean, harro-harro iragarri ere. Horren lekuko da hemeroteka, eta hemerotekari, behintzat, ezin dio iskin egin. Baldin eta 5. edukiontzia ezartzea 2015eko aurrekontuaren arabera badago, orain esaten duen bezala, zergatik egin zuen 2014rako iragarpena? Zer pentsatu behar dugu?, gehiegizko protagonismo nahiak itsututa edo, kea saltzen aritu zela? Bestalde, 2014ko aurrekontuan bazen 5. edukiontzia ezartzen hasteko 20.000 euroko diru kopuru bat. Diru hori ez da gastatu, eta, hala ere, 5. edukiontzia ez ezartzeko arrazoia izan daiteke 2015eko aurrekontua oraindik onartuta ez egotea? PSOEko bozeramaileak aitortu beharko du ez dela erraza ulertzen.
Bilduri galdetu behar diogula? Ez jauna, Zaballosi dagokio azalpenak ematea, bera baita erantzule politiko nagusia. Haren erantzuna lerro artean irakurrita ondorioztatu daiteke 2014an 5. edukiontzia ezartzeko arazo teknikoak izan zituztela (baina ez ote zen Bildu kulpantea?). Horrela izan bazen, esan dezala zein izan ziren arazo tekniko horiek. Baina ez da zuzena oilar baten gisa jokatzea, eta, gero, gauzak espero bezala ateratzen ez direnean, norberaren ardurari iskin egitea eta, bide batez, besteren bati egozten saiatzea.
Hasi bezalaxe bukatuko dugu: Lasarte-Oriak legegintzaldia (beste bat) alferrik pasatzen utzi du birziklatze bidean pausorik egin gabe. 5. edukiontzia ere ez da ezarri eta ez da ezarriko, ezta era sinbolikoan ere. Dagoeneko ofíziala da.