Albistea

  • Lasarte-Oriak legegintzaldia alferrik pasatzen utzi du birziklatze bidean pauso sendorik egin gabe

    2015-02-06
    Partekatu - Compartelo

    DSC04186_2PSOEk eta EAJ-k 5. edukiontzia barrikada gisa erabili dute Udalak neurri eragingarriagorik ez hartzeko, baina legegintzaldia bukatzear da, eta, iragarri zutenaren kontra, 5. edukiontzia ere ez dute herrian ezarri

     Berrogei familia estreinatzen ari dira egunotan Udalak Basaundin eta Zapategi kalean ezarri dituen auzokonpostaguneak. Beste berrogei familia langintza berean dabiltza iaztik Sasoetan eta Urbarten. Ekimenaren helburua herritarrek sortzen dituzten hondakin organikoak haiek berek kudeatzea da. Beraz, ikuspuntu kualitatibotik, oso-oso ekimen baliotsua da. Ikuspuntu kuantitatibotik, berriz, garbi dago 80 familien ahalegina hutsaren hurrengo dela, Lasarte-Orian bataz beste 18.000 lagun bizi direla kontuan izanda. Alde horretatik, hauteskunde berriak egiteko lau hilabete baino geratzen ez diren honetan, lasai asko esan dezakegu Lasarte-Oriak legegintzaldi hau pasatzen utzi duela birziklatze bidean fundamentuzko pausorik eman gabe. Iragarri zutenaren kontra, 5. edukiontzia ere ez dute oraindik ezarri. Are gehiago, dagoeneko segurutzat jo dezakegu hemen eta maiatza bitartean ez dutela herri osoan ezarriko, eta sikiera auzoren batean ezarriko ote duten ere dudakoa da.

    Aurreko paragrafoan “5. edukiontzia ere ez dutela ezarri” nabarmendu nahi izan dugu. Izan ere, PSOEk eta EAJ-k 5. edukiontzia barrikada gisa baliatu dute neurri eragingarriagoak oztopatzeko. Gogora dezagun…

    2013ko urtarrilean, Udalak, PSOE, EAJ eta PPren botoei esker, 5. Edukiontzia ezartzeko Batzorde Berezia sortu zuen. Alegia, ez zuen sortu hondakinak ahalik eta modurik eragingarrienean nola kudeatu aztertzeko batzorde bat, espresuki 5. edukiontzia ezartzeko batzorde bat baizik. PSOEko bozeramaile Jesus Zaballos izendatu zuten presidente, eta honek zera adierazi zuen: “Gipuzkoako hainbat herritan 5. edukiontzia nola ezarri duten aztertuko du Batzordeak, eta, horren arabera, erabakiko dugu Lasarte-Orian nola egin. Hori da nire asmoa”.

    Luze egon ginen Batzordearen berri izan gabe, harik eta iazko apirilean PSOEk, EAJ-k eta PP-k, gehi ondoren haiekin bat egin zuen Herritar Plataformak, 5. edukiontzia ezartzeko behin betiko akordio bat izenpetu zuten arte. Akordio horrek ez du finkatzen lortu beharreko gutxienezko birziklatze tasarik, adibidez, %60, herri gehienetan, paperaren gainean, behintzat, egiten ari den bezala. Akordioak edukiontziak txipdunak izatea ere ez du aurreikusten (tira, txipa ere ez da beste munduko ezer, baina sistema monitorizatzea eta, ondorioz, hobekuntzak egitea ahalbidetu dezake). Hala ere, Zaballosek esan zuenaren arabera, “akordioa hainbat teknikok eta politikok Batzordean emandako azalpenen ondorio da”. Bietako bat: edo tekniko eta polítiko horiek guztiek gauza bera eta bakarra pentsatzen zuten (egia esan, badakigu, jakin ere, berdin pentsatzen ez zuen baten bati, batik bat Zero Zaborri, ez ziotela azalpena ematera ere deitu, azalpena ematera deitzeko espresuki eskatu zuen arren) edo ez zieten jaramon handirik egin. Laburbilduz: 5. Edukiontzia Ezartzeko Batzorde Bereziak 5. edukiontzia ezartzea adostu zuen (honen kontura txiste ona egingo luke Groucho Marxek). Horretarako ez dirudi hainbesteko zalaparta behar zenik. Zaballosek, ordea, “garaipen handitzat” jo zuen. Dena dela, haren neurriz gaineko espatuak bost axola guri. Izan ere, garrantzitsuena da iragarri zuela 5. edukiontzia Lasarte-Orian 2014an ezarriko zela.

    Bada, 2015eko otsailean gaude eta iragarritakoa ez da bete, eta ez dirudi hemen eta maiatza bitartean beteko denik. Beharbada auzoren batean, baina hori ere ez da segurua. Beraz, arestian esan bezala, Lasarte-Oriak bukatzear den legengintzaldia galdu du, beste bat, birziklatze bidean aurrera egiteko. Beharbada hori baino ez zen helburua. Izan ere, zenbat eta gutxiago birziklatu, gero eta biziago mantenduko da errauskailuaren garra.

    Eguzki eta Lasarte-Oriako Zero Zabor, 2015eko otsaila

    P.S. Argazkian, Zapategi-Iñigo de Loiolan dagoen auzokonpostagunea. Lasarte-Orian edukiontzi marroien argazkiak ateratzerik ez dago, jakina.


    Partekatu - Compartelo