EAJ-k eta PSEk aurreko legealdi osoa protesta batean pasatu zuten zabortegiak ixten ez zirelako (baina baita ixten zirenean ere; horra hor Zarauzko Urtetako kasua). Orain, berriz, haiek berak dira Epelen, Arrasate eta Bergara bitartean, zabortegi bat egin nahi dutenak. Ez errefuxa biltzeko zabortegi bat, hau da, birziklagarriak ez diren hondakinak biltzeko zabortegi bat, baizik eta, “erosotasunaren izenean” gaika bildu ez direnez, nahita ez-birziklagarri bihurtu diren hondakinak biltzeko zabortegi bat. “Besterik ez genuen behar!”, erantzun dute Debagoienan. Izan ere, bertakoek etxeko zaborren ia % 80 gaika biltzen dute, eta, diotenez, berebiziko esfortzua egin gabe, gainera. “Eta orain guk jan behar al ditugu beste batzuek erosotasunaren izenean bereizi gabe, denak nahastuta, biltzen dituzten zaborrak? Baita zera ere! Hori ez da elkartasuna, hori adarra jo diezagutela uztea da”, esan dute.
Horrela gauzak, orain dela gutxi hainbat erakundek, tartean EGUZKIk, izenpetu genuen Debagoienako Itunaren bidetik, sinadurak biltzeari ekin diote. EGUZKIk espresuki animatzen zaitu sinatzera eta ekimen honen berri lagun eta ezagunen artean ahalik eta gehien zabaltzera. Horretarako, sakatu hemen.