Eguzkik kutsadura-kasu berri bat salatu du Pasaiako Portuan, oraingoan Buenavistan, eta instituzioei eredugarri jokatzeko eskatu die
2019-08-28
Partekatu - Compartelo
Eguzkik kutsadura-kasu berri bat salatu du Pasaiako Portuan, oraingoan Buenavistan, Donostiako udalerrian.
Kutsadura-kasu berria joan zen astean gertatu zen, zamaontzi batek ekarri zuen karea deskargatzen ari zirenean. Behar bezalako neurririk hartu ez zutenez, karea haizatu zen inguruetan. Buenavistako hainbatek eztarrian hazkurea sentitu eta, oro har, auzokoek bi egunez etxeko leihoak itxita eduki behar izan zituzten. Haizatutako karea ez zen gutxi izan, baretu eta leiho-ertzeetan, autoetan nahiz kalean bertan jarri zenean ikusi ahal izan zen bezala. Hona hemen nahiko eadierazgarriak iruditzen zaizkigun bideo batzuk:
Zoritxarrez, Portuan aritzen diren enpresek sarri urratzen dute ingurumen-araudia. Horrela, airea eta itsasoa kutsatzeaz gain, auzokoen osasuna arriskuan jartzen dute. Instituzioek, berriz, ezikusiarena egiten dutela ematen du.
Hori gutxi balitz, Portuko Agintaritzak, tarteka, ingurumen-araudia zer zorrotz aplikatzen duen publizitatzen du. Eta, dirudienez, Portuko Administrazio Kontseiluan ordezkatuta dauden instituzio guztiak (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Pasaia eta Errenteria-Oreretako udalak…) hipokresia-ariketa horrekin bat datoz. Onartezina iruditzen zaigu.
Portu inguruko auzokoen salaketak –batzuetan norbanako gisa, besteetan talde gisa (Badian Bizi) aurkeztuta– bata bestearen atzetik datoz, eta instituzioek ezin dute ezikusiarena egiten jarriatu; ezin dute egun batean klima-larrialdiaz hitz egin eta hurrengo egunean, berriz, beste aldera begiratu ingurumen-araudia urratu eta herritarren osasuna arriskua ipintzen duten praktiken aurrean. Nabarmendu behar da Estatu espainolean aireko kutsaduraren ondorioz behar baino lehen hiltzen diren 30.000 herritarretatik gehien-gehieneak, 27.900, 2,5 micra azpiko partikulekin lotzen direla.
Zigorgabetasun honek ezin du jarraitu. Instituzioek dagozkien erantzukizunak beraien gain hartu eta modu eredugarrian jokatu behar dute, ingurumen araudia gehiago urra ez dezaten eta herritarron osasuna arriskuan jar ez dezaten.