Haritzaldek eta Eguzkik planto egin dute Donostiako Ingurumen Kontseiluan eta ez dute parte hartuko Ekologia zinegotziak Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituen txikizioak konpondu arte
2019-10-23
Partekatu - Compartelo
Lourdes Txikiko hariztia suntsitzen.
Haritzaldek eta Eguzkik uste dute Udalak adarra jotzen diela eta gaur, hilak 22, planto egin dute Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialean. Eta ez dute parte hartuko harik eta Ekologia zinegotziak, Enrique Ramosek, aurreko legealdian Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituen txikizioak konpondu bitartean.
Aurreko legealdian Enrique Ramos jauna Hirigintza Sostengagarriko zinegotzia izan zen eta agerian geratu zen ingurumena eta natura zenbat axola zitzaizkion. Iraunkorra edo jasangarria izan beharrean Donostiako gerriko berdearentzat mehatxu larri bilakatu zen. Departamentuari jarritako izena kontraesana hutsa izateaz gain, gertaerek azkar batean jarri zuten zegokion tokian, esaterako, Lourdes Txikiko basoaren txikizioa bultzatu zuenean aitzakiak eta gezurrak baliatuz. Orduan, Enrique Ramosen dimisioa eskatu genuen eta hark bere borondatez ez eginez gero, alkateari hura kargugabetzeko eskatu genion. Ez zen, ordea, ezer gertatu, nahiz eta Planeamenduak berak babesturiko ehun urtetik gorako hariztia suntsitu eta lanok Aldundiaren derrigorrezko baimenik gabe burutu. Egun zonaldea ez da lehengoratu eta mozketaren egileak zer isuna jaso duen ez da argitara eman. Kontxatik ere ikus zitekeen basakeria eta zentzubegabekeria izanda ere, Enrique Ramosek zinegotzi jarraitu zuen!
Ehun urte baino gehiago zituzten haritzak enbor bihurtuta, Lourdes Txikin.
Bestalde, Belartzan, Mercadona eta McDonald’s ezartzeko obrak irregularitatez beteta egon ziren eta 3 aldiz geldiarazi genituen legalitatea urratzen zutelako. Hala ere, nahiz eta Plan Orokorrean industriarako lurzoru gisa agertu, bide libre eman zitzaion egitasmoari eta Udalak lanak kontrolatu eta zorrotz jokatu ordez, defendatu egin zituen, ilegalitateen gainetik. Are gehiago, eremu hartatik ateratako harri pila ikaragarria, enpresa sustatzaileak Belartza goikoan edo Belartza 2 delakoan asteetan metatu ostean, inongo baimenik gabe eta ingurumen inpaktu handiak sortuz, Donostiako Udalak ILEGALA zen baimena luzatu zien. Behin eta berriz salatu arren, ez genuen ezer lortu eta Auzitegira jotzea besterik ez genuen izan. Azkenean, EHAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun: Donostiako Udalak, hau da, Enrique Ramos jaunak emandako baimena LEGEZ KONTRAKOA zen. Berehala harri eta obra material metaketa ateratzeko eskaera, epaia betez, egitearekin batera, beste behin ere Enrique Ramosen dimisioa eskatu genuen, edo bestela alkate jaunak kargugabetzea. Ez zen halakorik gertatu. Hori bai, ez du arazorik izan gezur baten gezur bi esateko, baina materialek bertan darraite.
Sekulako harri pilaketa, guztiz legez kanpokoa, Belartza Goikoan.
Baina onena iristekoa zen oraindik. Hauteskundeak pasa eta hura sorpresa! Nor izango ote zen Ingurumen zinegotzia denon ondare naturala defendatuko zuena? Bada, Enrique Ramos Jauna! Ematen du gutaz trufatzen direla. Eta gainera, Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialaren lehendakaria izaki, aholkularitza batzorde horren bilerak zuzenduko ditu. Badirudi aurpegira barre egin nahi digutela, eta ez gaude prest. Hortaz, gaurko bileran Enrique Ramosi berari hemen azaldutakoa gogora ekartzearekin batera, kargua behingoz uzteko exijitu diogu eta aurreratu diogu Udalak Lourdes Txiki eta Belartza Goikoa ez lehengoratu bitartean, Legea betez, ez garela azalduko hurrengo Ingurumen Kontseilu Sektorialeko bileretara.
LEGEA BETE ORAIN!! ! ENRIQUE RAMOS, DIMISIOA ORAIN!!!