Konfederazio Hidrografikoak bukatutzat jo du Ereñotzuko zentrala ustiatzeko eskubidea, eta presa botatzeko agindu du
2020-01-03
Partekatu - Compartelo
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bukatutzat jo du Ereñotzuko zentral hidroelektrikoak Urumeatik 4.000 litro ur segundoko hartzeko orain arte izan duen eskubidea. Halaber, jabeari esan dio hamar hilabeteko epean bertako presa eta arrain-eskala botatzeko proiektu bat aurkeztu behar duela. Zentralaren jabea Errenteria-Oreretako Udala da, nahiz eta Ereñotzu, berez, Hernani den.
Espedientean pertsonatuta egon garen Eguzki eta Ríos con Vida elkarteen iritziz, albiste bikaina da; izan ere, Aldundiaren txostenetan irakur daitekeenez, presa hori “bateraezina” da Natura 2000 Sarean integratuta dagoen Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) helburuekin. Eskalak arazoa arindu behar zuen, baina ustel atera da, “eraginkortasun eskasekoa eta mantentze zailekoa” baita, arrain-faunaren mugimenduak galarazteraino. Are gehiago, “Urumea arroan izokina errekuperatzea oztopatzen ari da”.
Arrain-eskalak inoiz ez du bere funtzioa behar bezala bete.
Errenteria-Oreretako Udalak oraindik Konfederazioaren erabakiaren kontrako helegitea aurkez dezake, baina Eguzkik eta Rios con Vidak espresuki ez aurkezteko eskatuko diogu.
Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibilguan oztopoak kentzea ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira. Kasu honetan, gainera, ura hartzeko eskubidea eta oztopoa oso handiak dira, Kontserbazio Bereziko Eremu batean daude eta, are gehiago, ez dira erabiltzen. Izan ere, Konfederazioak eskubidea bukatutzat jo du, zentrala hiru urtez jarraian geldirik egon delako. Geldialdia arazo ekonomikoekin lotuta egon da eta arazo ekonomiko horiek, halaber, mota honetako zentralen zalantzazko errentagarritasunarekin dute zerikusia. Errentagarritasuna da zalantzazkoa, baina zentral hauek eragin ditzaketen ingurumen-kalteak ez dira zalantzazkoak. Horren lekuko da Ereñotzuko zentrala.
Nolanahi ere, bere garaian argudiatu genuen bezala, eskubidea emateko baldintzak ziren, batetik, gutxienez 1.600 l/s-ko emari ekologikoa uneoro bermatzea eta, bestetik, arrain-eskala egokia eraikitzea. Errealitateak erakutsi du zentralak, funtzionatu duen bitartean, ez duela sarritan errespetatu emari ekologikoa eta eskalak ez dituela betetzen gutxieneko baldintzak.