Papresa enpresa kutsatzaile eta handia Oreretako hirigunearen barruan kokatzea anakronikoa izateaz gain (hiriguneetan kokatutako enpresak industrialdeetara masiboki lekualdatzeko prozesuan bazterrean geratu zen), enpresan ez dugu jarrera positiborik ikusten haren jarduera industrialak ingurumenean eta osasunean eragiten dituen kalteak saihesteko: kutsadura akustikoa, ingurune hidrikoan eta atmosferan, eguneko 24 orduetan eta ia urteko egun guztietan. Legez baimendutako mugak ez gainditzeak ez du esan nahi haien jarduera kaltegarria ez denik, ezta gutxiagorik ere, bai ingurumenarentzat, bai osasunarentzat gai kutsatzaileak eta kaltegarriak ia etengabe isurtzen ari direlako.
Deigarria da gai honetan eskumenak dituen administrazio bakar batek ere lohien tratamendu-eremuko egoeraz ohartarazi ez izana, ez bakarrik horrek eragiten duen kiratsa dela eta, baita airearen kalitatean eragiten dituen kalteak direla-eta ere, jende asko igarotzen den bidegorriaren trazaduratik eta etxebizitza-eraikinetatik gertu dagoen eremu batean. Salatzen dugun egoera lohi horiek dituzten aire zabaleko deposituetan gertatzen da, dekantazio-prozesuaren ondorioz botatzen duten lurruna erraz antzematen baita, eta aipatutako kiratsa eragiten baitu.
Papresari 2018ko irailean emandako IBIan (Ingurumen Baimen Integratua), Udalak ez zuen parte hartu, nahiz eta errekerimendua jaso, eta gure taldeak alegazioak aurkeztu zituen, inolako zorroztasunik gabe ezetsi zirenak, “forma-kontuengatik”. IBIan EHTei (eskura dauden hobekuntza teknikoak) egiten zaie erreferentzia, eta guk galdetzen dugu: zer hobekuntza tekniko garatzeko prest dago Papresa, ingurumenean eta pertsonen osasunean ahalik eta eragin txikiena izan dezan, baldin eta depositu horiek estaltzeko gai ez bada?
Konparaziorik egin nahi izan gabe, Loiolako hondakin-uren araztegia aipatu nahi dugu. Bertan, behin tratamendu-prozesua amaituta, eta ur horiek itsaspeko isurbidetik itsas ingurunera isurtzeko moduan daudela, ur-biltegiak estalita daude. Hau da, hondakin-uren araztegian jada tratatuta dauden eta, ondorioz, inolako isurketarik sortzen ez duten uren biltegiak estalita dauden bitartean, Papresakoak, aurretiko tratamendu-fasean egonda, lehen aipatutako isurketak sortzen dituztela, agerian daude.
Eguzki Oarsoaldeatik, gogor salatzen dugu denboran luzatzen den egoera hau, eta ingurune osasuntsu eta usain txarrik gabekoa izateko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezela exijitzen dugu.