Albistea

  • OBRAK ESNABIDEN, ORERETAN

    2020-06-18
    Partekatu - Compartelo

    ESNABIDE

    Jada hasi dira lanak Esnabiden, Oreretakoak diren lurretan. Lan horiek dagoeneko zenbait txoriren habitata suntsitu dute, habia egiteko aldian egin baitira. Paraje horretan, besteak beste, txorruak, karnabak, birigarroak eta zozoak bizi dira, eta tamaina eta garrantzi handiko zuhaitzak daude, horien artean haritzak, gaztainondoak eta ehun urte inguru dituen makal bat. Fauna eta flora hori guztia desagertzeko arriskuan dago, eta baita auzotarrek paseatzeko asko erabiltzen duten berdegunea ere.

    Zoritxarrez, gure herriko beste leku batzuetan gerta daitekeen zerbait da, hor ditugu Gamongoa, Altzate,…

    EGUZKI talde ekologistako kideok, SEO Bird Lifek eta gai honekin sentsibilizatuta dauden herritarrek ez dugu ulertzen nola hain urriak ditugun berdeguneak oraindik ere suntsitzen jarraitzen diren. Zentzu honetan, Administrazioetatik bidaltzen diguten mezua ez dator bat benetan gertatzen ari denarekin. Esaten digute ezin dela lurzoru gehiago kontsumitu, baliabideak mugatuak direla, bioaniztasuna babestu behar dela, klima aldaketa borrokatu behar dela… esaldi hutsak baino ez dira! Uste dugu unea dela garai bateko eskemak alde batera uzteko eta betiko akatsak ez errepikatzeko.

    Horregatik guztiagatik eskatzen diegu gai honetan eskumena duten erakundeei arazo honen aurrean benetako konpromisoa hartu eta naturarekiko begirunea izan dezatela, eta gaur egungo egoerara egokituta dagoen kudeaketa eredugarri eta arduratsu bat egin dezatela.


    Partekatu - Compartelo