Albistea

  • Urak Mendaroko eta Mutrikuko Mijoa errekako saneamendu-proiektuak lizitatu ditu… hamar urte beranduago!

    2021-03-01
    Partekatu - Compartelo

    2016-7-25 Isurketa esnea2URAk iragarri du hainbat saneamendu-proiekturen idazketa lizitatu duela. Horien artean, gure eskualdeari dagozkion bi, Mendarokoa eta Mutrikuko Mijoa errekakoa.

    Gaizkiulertuak saiheste aldera, nabarmendu behar da, momentuz, proiektuak baino ez direla lizitatu, ez proiektuak gauzatzeko lanak. Beraz, aurrerapausotzat jo beharko dugu, proiekturik gabe ez dagoelako lanak gauzatzerik, baina ez dugu txalo egingo, saneamendu-lan hauek hamarkada luzeko atzerapena dutelako.

    Izan ere, herri-erakundeek Gipuzkoan 2007. eta 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-lan egiteko Esparru Akordioa izenpetu zuten. Akordio haren arabera, bai Mendaroko bai Mijoako sanemanduak, beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar ziren. Are gehiago, Mendaroko saneamendua 2003-2006 Esparru Akordioan ere aipatzen zen.

    Alabaina, geroztik ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez duelako bete lanok finantzatzeko hartu zuen konpromisoa, Mendarokoa %100ean eta Mijoakoa, berriz, %75ean. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da beste hainbat saneamendu-proiekturekin, hala nola, Oikia, Andoaingo Ziako Erreka edota Pasai Donibanekoarekin.

    Orain, berriz, proiektuak lizitatu dituen albistea iritsi zaigu. Arestian esan bezala, pozten gara, jakina, nahiz eta ez dugun txalorik joko. Gauzatuta ikusi arte beste hamar urtez itxoin behar ez izatea baino ez dugu desio.

    INFORMAZIO OSAGARRIA

    Gaur egun, Mendaroko ur zikinak Debara doaz, araztu gabe. Izan ere, URAk orain lizitatu duen proiektuaren helburua da zehaztea ur zikin horiek, gehi Altzolakoak, Elgoibarko Apraizko araztegira bideratzeko nolako hodiak eta ponpak behar diren.

    Proiektuaren idazketaren aurrekontua 127.050 eurokoa da (gehi BEZa) eta aurkezteko epea, berriz, 8 hilabetekoa.

    Mijoa errekak, berriz, garraiatzen dituen zikin guztiak itsasora isurtzen ditu, Saturraran ondoan. Saneamendu-proiektuaren idazketak 50.000 euroko aurrekontua du (gehi BEZa) eta aurkezteko epea, berriz, 4 hilabetekoa da.

    EGUZKI, 2021eko otsaila


    Partekatu - Compartelo