Aldundiak ez du bete Bizikleta Bideen Plana, baina 2020. urte bukaerarako iragarri zuen Premiazko Jarduketen Plana aurkeztu ere ez du egin
2021-05-12
Partekatu - Compartelo
Eguzkik salatu nahi du Aldundiak, Gipuzkoako Bizikleta Plana ez betetzeaz gain (*), pandemia-giroan Txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integrala oraindik ez duela aurkeztu.
Plan Integral hori Rafaela Romero diputatuak iragarri zuen iazko urriaren 28an. Egun hartan, Batzar Nagusietan diagnostiko-dokumentu bat aurkeztu eta esan zuen hura “oinarri gisa” erabiliko zela “2020. urtea amaitu aurretik, Txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integral bat osatzeko”. Ikus aurkezpen haren ohar ofiziala:
Hura agindu zuenetik urte erdi bat pasatu da, ordea. Alarma Egoera dagoeneko bertan behera geratu da eta Plan Integrala oraindik aurkeztu ere ez da egin. Horrela jarraituz gero, herritar guztiok txertatuta egongo gara planeatutako neurriak hartzen hasi aurretik. Eskerrak “premiazko jarduketak” diren.
DVk honela eman zuen Romeroren agerraldi haren berri.
Romeroren Batzar Nagusietan egin zuen agerraldi hura zela eta, Eguzkik gogorazi nahi izan zuen osasun-egoerak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dion potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura-falta dela, funtsean, Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana nabarmen urratu duelako.
Diputatuak aurkeztu zuen diagnostikoak berak agerian uzten du guk salatutako azpiegitura-falta. Izan ere, diagnostikoa elkarrizketetan oinarritzen da, hau da, udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko elkarrizketetan. Bada, elkarrizketa guztietan aipatzen da “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.
Hona hemen, berriz, Romeroren agerraldiak Noticias de Gipuzkoan izan zuen isla.
Beharbada urrian baten batek pentsatu zuen Romerok agindutako Plan Integrala okerrak zuzentzen hasteko modu bat zela; beharbada, pandemia dela medio, Aldundian behingoz jabetu zirela txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatu egin behar zela, eta “premiazko jarduketen” bitartez nola edo hala konpondu nahi zutela urte askotako utzikeria. Urte erdi bat geroago, berriz, seguruena greenwashing ariketa bat baino ez zela pentsatuko du, greenwashing deitzen baitzaio gaur egun enpresa batek edo instituzio batek ingurumen alorrean bere burua zuritzeko egiten duen propagandari. Aldundian asko dakite honetaz. Kontua da egingo balute bezala egitea, baina benetan egin gabe; justu kontrakoa egiten ez baute, behintzat.
Urrian, Batzar Nagusietan, Rafaela Romerok zera esan zuen oso tonu solemnean: “Orain, eskuduntzak dituzten botere publikoei dagokie –maila anitzeko eskuduntzatik eta gobernantza partekatu eta lankidetza hobea praktikatuz– [txirrindularien eta oinezkoen] mugikortasun hori ahalbidetzeko eta bermatzeko neurriak ezartzea. Hori baita gure herritarren nahia, pandemiaren testuinguruan argi ikusi den bezala”. Horixe, ba.
EGUZKI, 2021eko maiatza
(*) Batzar Nagusiek 2013an aho batez onartu zuten Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak zortzi urte egingo ditu laster, ekainean, eta, horren ondorioz, haren exekuzio-epea bukatuko da. Aurrerantzean ere balantzea xehe-xehe egiteko aukera egongo da, baina azken urteotan hainbat taldek, tartean Eguzkik, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, alde ederra dago Planean aurreikusitako bidegorrien eta benetan eraiki direnen artean. Aldundiaren beraren txosten tekniko batek argiro esan zuen inbertsioak bizkortu ezean, zortzi urte ez, hamazazpi gehiago ere beharko zirela Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzeko. Eskerrak sare hori OINARRIZKOA den, Romerok agindutako Plan Integraleko neurriak PREMIAZKOAK diren bezala.