Albistea

  • Deialdi zabala larunbatean Elizondon Aroztegiko proiektuaren kontra egingo den manifestazioan parte hartzeko

    2021-05-13
    Partekatu - Compartelo

    Aroztegia1Aroztak! herri ekimenak deituta, Aroztegiko proiektu suntsitzaile eta espekulatzailearen kontrako manifestazioa egingo da larunbatean Elizondon. Deialdiarekin bat zenbat agente egin duten kontuan izanik, manifestazio handia izatea espero daiteke.

    Apirilean, hondeamakinak Aroztegira iritsi ziren. Hainbat herritarrek bertan kanpatu zuten, ordea. Eta, horri esker, hamaika egun geroago, hondeamakinek alde egin zuten, behin-behinean, behintzat.

    aroztegia4aroztegia-1000x748

    Kanpaldian ateratako irudi hauek biralak egin ziren.

    Kanpaldian ateratako irudi hauek biralak egin ziren.

    Manifestazioa, esan bezala, larunbatean izango da, 17:30ean. Baina gaur ostiralean bizikleta-martxa bana aterako dira Iruñetik eta Andoaindik. Leitzan bat egin ondoren, txirrindulari guztiak elkarrekin abiatuko dira Elizondorantz larunbateko manifestazioan parte hartzeko.

    aroztegia2 aroztegia3Aroztak! ekimenaren twitter-kontuan (https://twitter.com/aroztak) informazio gehiago aurkituko duzu.

    EGUZKIK ERE DEIALDIAREKIN BAT EGIN DU

    Eguzkik ere deialdiarekin bat egin eta gogorazi nahi du Aroztegiko proiektuak luxuzko hotela, golf-zelaia eta oporretako 228 etxebizitza aurreikusten dituela. Azken urteotan, proiektuaren kontrako mobilizazio asko egon dira, baita salaketa eta helegiteak epaitegietan ere. Baina aurrera doa Nafarroako Gobernuak Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) deklaratu duelako. UGEP delako horrek Udalen kontrol eta lizentziarik gabeko obrak gauzatzea baimentzen du.

    Izan ere, Nafarroako Gobernuak urte hauetan zehar asko jardun du Palacio de Arostegia SL enpresaren mesedetan, Baztan ibarreko gizarte esparru ugarik eta Udalak duten aurkako jarrera alde batera utzita. Eguzkik, enpresa honen handinahiak salatzen ditu, alegia, aberastasun ekonomiko azkarra lortzea herri txikien kontura eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Luxuzko urbanizazio proiektu honek ez ditu Baztanen beharrak asetzen, ez etxebizitza ez turismo arloan, elite ekonomikoaren beharrak baizik.

    Aroztegiko proiektuaren kontrako elkartasuna Baztandik kanpo ere iritsi da. Hona hemen Oreretan paratutako pankarta bat.

    Aroztegiko proiektuaren kontrako elkartasuna Baztandik kanpo ere iritsi da. Hona hemen Oreretan paratutako pankarta bat.

    Hirigintza-eredu zaharkitu honek, 2007ko krisi ekonomiko larrira eraman gintuen garai baten islada da, proiektuak ingurumena eta gizarte-ingurunea kaltetzen dituelarik: nekazaritza-lurren galera, lurraldearen artifizializazioa, mugikortasun motorizatuaren emendapena, Baztango desegituratze soziala, etab.

    Hori guztia dela eta, Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak dei egiten du parte hartzea AROZTAK herri ekimenak antolatuta, maiatzaren 15ean Elizondoko Foru Plazatik 17:30etan abiatuko den manifestaziora joateko.

    Zain dezagun Amalurra!


    Partekatu - Compartelo