Txingudi leheneratzea eskatu dute hainbat eragilek, eguzki barne.
2021-07-05
Partekatu - Compartelo
Artiako bizilagunen elkarteak, Bidasoaldeko Lagunak elkarteak, Balazta txirrindularien klubak eta talde ekologistek alegazio bana aurkeztu dute Irungo Udalak apirilaren 30ean onartutako Pasquierren (garai bateko Recondo) hirigintza-hitzarmenari buruzko akordioaren aurka. Hitzarmen horretan, enpresa horrek gaur egun hartzen dituen lurren erabilera (industrialetik bizitegirakora) aldatzea planteatzen da.
Aipatutako taldeek Udalari eskatzen diote atzera egin dezala bere asmoetan, eta apustu egin dezala gune natural bakar hori osorik leheneratzearen eta zaintzearen alde, Txingudik Irunen dagoeneko jasaten duen hirigintza-presio basatia murrizteko, Txingudiko 2015-2026ko Plan Zuzentzailearen Helburuek eta Jarraibideek eta gainerako babes-figurek ezartzen dutenari jarraikiz.
Eremu hori guztia birnaturalizatzeak honako argudio hauek ditu oinarri:
– Eragindako lursailek Bidasoa ibaiaren ezkerraldearekin eta Artiako ubidearen eskuinaldearekin egiten dute muga. Paisaia irekia da, ingurumen-balio handikoa, eta gune estrategikoa da, bai bertan bizi den, bai eta, batez ere, migratzailea ere den hegazti-faunarentzat.
Txingudiko Eremuko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Bereziak babestutako kokagunea 1994az geroztik. Natura 2000 Sarean sartuta dago, Hegaztien Babes Bereziko Eremuaren (Txingudiko HBBE) figuraren pean 2000az geroztik; GKL – Atlantikoko Eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekua 2004tik; Kontserbazio Bereziko Eremua (Txingudi-Bidasoa KBEa) 2013az geroztik; nazioarteko garrantziko hezegune izendatu zuten, Ramsar hitzarmenaren arabera (2002an).
Gipuzkoan babes-maila hori duen espazio bakarra da.
Kontserbazio neurriak ezartzen dituen 356/2013 Dekretuaren arabera, Txingudi-Bidasoa KBEak berariaz babestutako habitat guztiak kontserbazio-egoera desegokian edo txarrean daude.
1140 habitata, hizpide dugun industria-lurzoruarekin muga egiten duena egoera desegokian dago, eta, beraz, hiri-presioa murriztu behar da.
– Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen eta hura kontserbatzeko neurriak onartzen dituen 356/2013 Dekretuaren arauek, ingurune hidrikoari lotutako KBEak eta HBBEak arautzen dituen 34/2015 Dekretuaren arauek eta Txingudiko 2015-2026 Plan Zuzentzailearen Helburuek eta Jarraibideek eremu horren gaineko hiri-presioa murriztera bideratuta daude, eta ez dira bateragarriak hain metro gutxira etxebizitzak eraikitzearekin.
Alegazio horien sustatzaileak ziur daude Udalak ezin izango dituela ezetsi eta, interes orokorraren mesedetan, dagozkion izapideak hasiko dituela, eremu horretako ingurumena lehengoratzeko.