Albistea

  • Pasquier-Recondo, lehentasunezko helburua Bidasoaldeko Lagunak taldearentzat

    2021-08-16
    Partekatu - Compartelo

    Pasquier vista de pájaro
    Bidasoaldeko Lagunak taldeak etsipen handiena plazaratu du Irungo Udalak Pasquier-Recondoko Hirigintza Hitzarmenaren alde hartutako erabakiaren inguruan.

    Ez dute ezertarako balio izan Txingudiko kokagune berezian sartzeko eremu hori lehengoratzea eta babestea helburu duten hainbat gizarte- eta ingurumen-eragilek aurkeztu dituzten alegazioek. Ingurune horrek balio ekologiko oso handia du, eta hainbat babes-figura ditu (nazioartekoak eta autonomikoak), baina, aldi berean, klima-aldaketaren eraginez, bere azalera murriz daiteke.

    Alegazio horiek, azken batean, natura-ingurunea hobeto defendatzea proposatzen dute, klima-aldaketaren eraginez itsasoaren maila handitzea eragingo duen azalera-galera konpentsatuko duten eremuak txertatuz, eta, zalantzarik gabe, interes orokorraren defentsa hobea bilatzen dute.

    PSE eta Podemos alderdiek erabaki horrekin erakutsi duten Ingurumenarekiko eta haren kontserbazioarekiko sentsibilitate falta deitoratu besterik ezin du egin BL taldeak; izan ere, ingurumenarekiko konpromisoak dituzten alderdi aurrerakoiak izateaz harro agertzen dira, baina horrelako jarduerekin guztiz kontrakoa erakusten dute.

    Talde horrentzat, Txingudiko ingurunea kontserbatzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da, eta ez dio horri uko egingo; izan ere, jakin badaki badirela beste aukera batzuk (baten bat dagoeneko argitaratu da), eta borondate politikoa baino ez dela.

    Egungo egoeran eta klima-aldaketaren aurkako borrokan, kolektibo horrentzat, lur horien ingurumena lehengoratzea ez da aukera bat, betebehar bat da, eta lanean jarraituko du zalantzarik gabe interes orokorrei eta ingurumenarekiko errespetuari askoz hobeto erantzuten dieten helburuak lortzeko.


    Partekatu - Compartelo