Albistea

  • EGUZKIK ONARTEZINTZAT JO DU DONIBANEKO SANEAMENDUAREN AURREPROIEKTUA

    2021-10-27
    Partekatu - Compartelo

    Saneamiento P.Donibane
    Pasa den astean Aldundiak eta Pasaiako Udalak batera Donibaneko saneamenduaren aurreproiektua (hirugarrena, dagoeneko) aurkeztu zuten bilera ireki batean. Egia esan, bertaratutako herritarrek ez zioten oniritzia eman aurkeztatuko aurreproiektuari, hainbat urte eta gero Donibanek behar duen irtenbide integralari ez baitio erantzuten. Saneamenduari dagokionez, haren sarea egiteko, bi dira kontuan hartu behar diren irizpideak: hiriko ur zikinen tratamendurako 91/271/EEE Zuzentaraua eta Pasaiako Badia gune sentikor izendatzen duen Eusko Jaurlaritzako 168/2004 Dekretua.

    Hamarkada luze bat pasa da saneamendu-sarea egin behar zenetik, Hiriko Ur Zikinen tratamendurako Zuzentaraua 1995. urtean onartu eta 2005. urterako gauzatua egon behar baitzen. Baina orain aurkezten duten aurreproiektuak ez du etxe guztietako saneamendua bermatzen (zenbait etxebizitza inguru kanpo utzi ditu), eta, indarrean dagoen legediari muzin eginez, hondakinak neurri batean itsasora zuzenean botatzea ahalbidetzen du, eta hori guztiz onartezina da.

    Salatu nahi dugu ingurumena (itsasoa) babesteko legeak agintzen duen azpiegitura egiteko Administrazioak erakutsi duen borondate eza. Bien bitartean, prest daude legeak agintzen ez dituen megaproietuetan dirua xahutzeko eta beren eredu ekonomikoa bultzatzeko, diru publikoarekin, denon diruarekin alegia.

    Eguzki talde ekologistak eskatzen du aurkeztutako aurreproiektua bertan behera utz dezatela eta ahalik eta azkarren irtenbide integrala ematen duen beste proiektu bat idatz dadila, behar diren baliabideak erabiliz. Era berean, ingurumenarekiko hain sentsibilitate gutxi duen eta araudiak urratzen jarraitzeko prest dagoen pertsona Aldundiaren Ingurumen Sailaren arduradun bezala egon al daitekeen galdetzen dio bere buruari Eguzkik.


    Partekatu - Compartelo