COP26 dela eta, mobilizazioak Euskal Herrian: Klima ez da negozioa!
2021-10-30
Partekatu - Compartelo
Aste honetan munduko agintariak Glasgown bilduko dira, Nazio Batuen COP26 delako Goi Bileran, larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialari eliteen neurriko trantsizioa diseinatzeko. Euskal Herriko agintariak ere bide bere-beretsutik doaz, greenwashing edo zuriketa berdearen etengabeko politikaren bidez kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere.
Horregatik hemen ere, mundo osoan bezala, bestelako trantsizioa aldarrikatzeko ekintzak egingo dira, “DENBORA AGORTZEN ARI ZAIGU, JUSTIZIA KLIMATIKOA ORAIN” edo “KLIMA EZ DA NEGOZIOA” lemapean.
Eguzkik ere parte hartuko du eta espresuki parte hartzera deitzen dizu, bereziki Donostiako eta Bilbon antolatu diren ekimen hauetan:
Ekimen hauen izpiritua honako adierazpen honetan dago laburbilduta…
DENBORA AGORTZEN ARI ZAIGU, JUSTIZIA KLIMATIKOA ORAIN!
1.- Munduko agintariak berriro bilduko dira Klima Aldaketari buruzko 26. Konferentzian –COP26– Glasgowen, Hegoalde Globaleko herrialdeen presentzia oso txikiarekin. Planetaren tenperatura jada industriaurreko aroan baino 1,1 ºC altuagoa da, eta aurreko 25 gailurretako akordioak gorabehera, neoliberalismoak bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen jarraitzen du. Klima aldaketa dagoeneko errealitate bat da: biodibertsitatearen galera, muturreko fenomeno klimatikoak, permafrost eta glaziarren urtzea edo errefuxiatu klimatikoen aurkako apartheida.
2.- Krisi klimatikoarekin batera, erregai fosilen eta beste lehengai batzuen ugaritasuna amaitzen ari da. Energia-iturri berriztagarriak beharrezkoak dira deskarbonizaziorako, baina ezin dute gure egungo kontsumoa bermatu, are gutxiago planetaren muga biofisikoekin eta gehiengoaren beharrekin talka egiten duen hazkundea: % 10 aberatsenak munduko CO2 isurien erdia ekoizten du.
3.- Aitorpenen erosotasuna alde batera utzi eta ekintzara pasatu behar da. Erronka gradu hamarren bakoitza borrokatzea da, 2100. urterako 1,5 ºC-ko beroketa ez gainditzeko. Premiazkoa da trantsizio ekologikoa eta soziala bultzatzea, materialen eta energiaren kontsumoa modu sozialki justuan murrizteko plangintza demokratikoa egitea.
4.- Horretarako, honako hau proposatzen dugu:
– Aberastasuna banatzea eta politika fiskalak sustatzea, herritar guztiek oinarrizko diru-sarrera eta zerbitzu publikoak eskura izatea bermatzeko.
– Hazkunde ekonomikoaren bidetik alde egitea, mirari teknologiko faltsuak alde batera uztea eta klima aldaketaren ardura duten enpresei diru-laguntzak ez ematea.
– Tokiko energia-komunitateak sortzea eta oinez, bizikletaz eta garraio publikoan joan-etorriak sustatuko dituen mugikortasuna sustatzea, errepideen beharra ez areagotzeko.
– Lanaldia murriztea, enplegua banatzea eta ordaindu gabeko baina bizitzarako ezinbestekoak diren lanen banaketa bultzatzea.
– Erabili eta botatzeko kontsumo-modua alde batera uztea, errausketari uko egiten dion
hondakinen kudeaketa lehenetsiz (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea).
5.- Larrialdi-egoerak zerikusia du hemen Euskal Herrian egiten diren politikekin, krisi klimatiko eta ekologikoa areagotzen duen eredu ekonomiko batean sakontzen duten politikekin, Iberdrola edo Repsol bezalako enpresak pandemiaren ondoren susperraldirako europar funtsak jasotzeko hautagaien lehen lerroan jarriz. Ez da trantsizio justurik izango erantzunak antolatzen saiatzen den euskal gizarte aktiborik gabe, eta klima larrialdia areagotzen duten enpresa eta gobernuak salatzen dituena. Klima-aldaketari aurre egitea justizia klimatikoko ekintza bat da Hegoaldeko gizarteekiko, historian zehar Iparralde industrial eta kolonialak beren baliabideak lapurtu baitizkie, eta elkartasun-ekintza bat etorkizuneko belaunaldiekiko.