Albistea

  • Papresak aire zabalean egiten duen lohien manipulazioari buruz galdetu dio Eguzkik Errenteriako Udalari

    2022-07-06
    Partekatu - Compartelo

    Lodos Papresa lohiakPapresa enpresa aire zabalean lohiak bildu eta kargatzen aritu da Nafarroa etorbideko 19. eta 17. eraikinen parean. Erantsitako argazkian ikus daitekeenez, hasiera batean enpresaren lurrak okupatzen zituzten arren, lohiek enpresaren mugakide den espaloi publikoa hartu dute.
    Lehenik eta behin, manipulazio horrek usain txarrak sortu ditu, eta lehen ere salatu izan dugu hori. Bestalde, ez dakigu aire zabalean egindako lan horietan lixibiaturik sortu den, baina hipotesi guztiek baietz pentsatzera eramaten gaituzte.
    Horrek asko kezkatzen gaitu; izan ere, neurri egokiak hartu ez badira, besteak beste, lohiak pilatzeko perimetroa mugatzea, posible da, alde batetik, lur-iragazteagatik edo euri-urak biltzeko sistemagatik ibaian amaitu izana, hura kutsatuz, edo atmosferara agente kutsatzaileak bota izana, osasun publikorako arriskua eraginez. Alderdi horiek baieztatuko balira, ingurumen-delitu baten aurrean egongo ginateke, eta Administrazioak esku hartu beharko luke delitu horren aurrean.
    Gaia argitze aldera, Udalari idazki bat bidali diogu, eta informazioa eskatu diogu lohia biltzeko eta kudeatzeko lan horiek lizentziarik ba ote zuten zehazteko, bai eta ingurumenean eta osasunean izan dezaketen eraginari buruzko kontrolak ezarri ote diren zehazteko ere.


    Partekatu - Compartelo