Arkaitzerrekako kutsadura salatzeko martxa egingo du larunbatean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak
2022-11-10
Partekatu - Compartelo
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak martxa deitu du larunbatean, azaroaren 12an, Arkaitzerrekako kutsaduraren afera zertan den bertatik bertara erakusteko eta salatzeko, azken kutsadura-episodio larritik lau hilabete pasatu eta gero, erakundeek oraindik ez omen dakitela erantzulea nor izan den, edo, behintzat, ez dutela esan nahi.
Oso informazio argigarria duzue, argazki, bideo eta guzti, Noauaren honako esteka honetan:
Larunbateko martxak, beste batzuetan bezala, bi adar izango ditu: bata Usurbilgo frontoitik abiatuko da eta bestea, berriz, Zubietako plazatik, biak ala biak 10:30ean. Bi adarrek bat egingo dute Artzabaletan. Katiuskak edo mendi-botak eramatea aholkatzen da.
GuraSOSek azaroaren 27rako deia egin du Donostian
Bestalde, GuraSOSek gaur goizean bertan agerraldi bat egin du iragartzeko azaroaren 27an, 12:00etan, Donostian egingo duen mobilizazioa. Erraustegiaren bueltan aurkitutako kutsadura-arazo larriak konpodu arte, instalazioa gelditzeko eskatu nahi du. Horregatik “Orain bai, gelditu” izango da leloa. Izango dugu aukera mobilizazio horren berri zehatzagoa emateko, baina, momentuz, spot hau ikustera animatzen zaituztegu.