BAI, orain da erabakitzeko unea, herritarren ahotsa entzutekoa eta gure etorkizuna erabakitzekoa. Eusko Jaurlaritzak orain entzun nahi ez bagaitu, nork dio behin dikea bukatu eta 15 miloi euro xahutu ostean entzungo gaituela? Itsasoari mugak ezarri dizkiogu barneko itsasontziak lasai atseden har dezaten, baina babes-dikea gehiago luzatzeak berak utz gaitzake babes-gabe. Herri eredua daukagu jomugan. Izan ere, nork irabaziko du dikearen luzapenarekin? Herritarrok EZ. Azpiegitura erraldoiegia da itsasontzi gutxi batzuen balantzak baretzeko.
EZetzaren alde gaude gu, baina nor dago BAIetzaren alde? Nori sortzen dio ilusioa eta grina obra honen jarraipenak? EZ, ez da seinale ona zerbait egitea solik egin behar delako, edo hala esaten dutelako, edo behin hasita bukatu egin behar delako. Hainbeste milioiko kostua duen, eta etorkizuneko Mutriku hainbeste baldintzatuko duen, egitasmo baten alde agertzeko “hasitakoa bukatu dezatela eta listo” baino argudio gehiago behar ditugu.
Denok bukatu nahi dugu dikea: batzuk dagoen lekuan, beste batzuk 100 metro harantzago. Baina ez gaitezen engaina, 100 metro baino harantzago eta harantzago doa dikearen luzatzea. Izan ere, proiektua ez da inondik inora 100 metrora amaituko, dikea luzatzeari BAI esatea EZ da dikea bukatzea, beste zerbait hastea baino. Kirol-portu bat eduki dezakegu ate joka, beharrezkoa da behatxulotik begiratzea ezeri atea ireki aurretik. Izan ere, EZ, Mutriku ez da isla isolatu bat euskal kostaldean, eta gainerako herrietan ikusten ari garen kirol-portuen gorakada eta kaien pribatizazioa benetako kezka eta beldurra dira herritarrontzat.
Sentsazioa daukagu inork EZ duela benetan proiektu honetan sinesten. Iraganeko erabakiengatik eta hasitakoa bukatzearen aldeko mantra hutsengatik eman behar al diogu BAIezkoa etorkizuneko Mutriku eraldatu eta baldintzatuko duen obra bati?
Guk BAI esan nahi diogu etorkizunari, Mutriku hobetzeari, herritarrak subjektu aktibo bihurtu eta erabakimena edukitzeari, kaia eta itsasertza herritarrontzat gozagarri izateari. Baina EZ dugu inork gure izenean erabakitzerik nahi, EZ ditugu iraganeko mamuak berpiztu nahi, EZ dugu koste hain handiko obra bat gutxi batzuen intereserako erabiltzerik nahi, EZ dugu behin erabaki guztiak hartuta eta dikea bukatuta dagoenean erabakitzen hasi nahi. Orain da unea, EZ gelditu etxean. Zu ere behar zaitugu. EZ gaitezen galdutakoan damutu, eta egin dezagun atzera aurrera egiten jarraitu ahal izateko.
Herri kontsulta Mutrikun, dikea ez luzatu !
Dikea luzatzearen aurka gaude:
Paisaian izango duen inpaktuagatik.
100 metro luzatzeak itsasoa eta zerumuga ikustea galaraziko du. Arnasgune bisuala galduko da.
Porturako itsas-sarrera arriskutsuago bilakatuko duelako. Alkoleako sarrera estutuz, olatuen indarra eta korronteak handituko direlako.
Itsasoko uraren kalitatea txartu egingo delako.
Dike barruko korronteak geldiaraziz, uraren osasun kalitatea nabarmen txartuko da, araztegiko uren bakterioengatik.
UNESCOk babestutako Geoparkeko ondare naturalean eragingo duen kalteagatik.
Itsas fauna, mendiak (harrobiak), flysch beltza… kaltetu egingo direlako.
Guztion gozamenerako itsasoa nahi dugulako.
Igeri egiteko, olatuekin jolasteko, itsasoaz gozatzeko eta naturarekin bizitzeko eskubidea dugulako.
Diru publikoa batzuen mesedetan xahutuko delako.
Ez da soziala, ez da jasangarria eta ezta etikoa ere
Daukaguna mantentzeko berme bakarra delako.
Dikea luzatzen ez bada, itsasoa ezingo delako merkantilizatu.