Azkoitiko Udala, ibai garbiketa, ingurumena eta bere gezurrak
2022-12-20
Partekatu - Compartelo
Ia urtebete igaro da Udal Gobernuak eta oposizioak 2022ko aurrekontuetarako partida bana hitzartu zutenetik, 25.000 eurokoa Urola ibaia garbitzeko eta 22.000 eurokoa barandaren azpian prebentzio-neurriak jartzeko (saretak).
Otsailaren 22an, Azkoitiko Udalei jakinarazi genien, besteak beste, otsailaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntzen lerro bat argitaratu zuela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, udalei eta mankomunitateei zuzendua, ibaietan, kostaldean eta lehorrean sakabanatutako zaborren metaketa prebenitzen eta zuzentzen laguntzen duten jarduketak gauzatzeko (aurtengoa bigarren urtea da), hain zuzen ere, horretarako bideratu ziren udal-partidak hauek. Eskariari sarrera eman baino lehen, erreka arakatu genuen, eta zabor tonak ikusi genituen, hau da, “gure herritik igarotzen dena ez da ibai bat, baizik eta benetako zabor hustubide bat”.
Urriaren 14an, foru-dirulaguntzak argitaratu zirenetik 6 hilabete igaro ondoren, beste idazki bat sartu genun Udalean (hori ere komunikabideetara bidali zen). Bertan, besteak beste, esaten genuen ibaiari beste miaketa bat egin geniola eta argi zegoela ez zela garbiketa sakonik egin, ezta modu profesionalean ere. Era berean, “nolabaiteko harridura sortzen zigula” apirilaren 25ean argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udala dirulaguntzen eskatzaile gisa agertzen ez zela egiaztatzeak, “inori laguntza batzuk gaizki datorkionean” eta “ez genuela uste udalari dirua soberan edudiko zutenik”.
Hemen idatzi osoa: https://eguzki.org/2022/10/15/azkoitiko-udala-eta-ibaiaren-garbiketa/
Gure ustez, merezi du dirulaguntzen ildo horietan gehiago sakontzea. Oraingoan Legazpin eta bertako udalean jarriko dugu arreta, frogatuta geratu baita laguntzak ez direla batere hutsalak. Udal horrek, 2021erako eta 2022rako, 30.850 euro bideratu ditu ibaiaren garbiketa profesionalerako (urtean bitan kontratatzen du ibaiaren garbiketa profesionala) eta saretak instalatzeko (gaur egun ia 1.000 metro ditu jarrita), eta 22.650 euro jaso ditu foru-laguntzetatik, aurrekontuaren % 73. Azkenean, ibaia garbitzearen eta ia kilometro bateko sareta jartzearen truke 8.200 euro (BEZik gabe) ordaindu dituzte legazpiarrek, 30.850 ordaindu beharrean.
Azaroko lehen astean sartuta, Udalari azken idazkia bidali eta 3 astera, eta bere aldetik erantzunik jaso gabe, urteko sasoi honetan euria edozein unetan irits daitekeela jakinda, hirugarrenez ibaira jaitsi ginen. Azaroaren 14rako, ibaia kutsatzen zuten zabor hauek bilduta zeuden. Azaroaren 21ean, euri ugari utzi zuten fronte hotzak igaro ondoren, ibaia oso hazita zegoen eta urak indarrez jaisten ziren. Zer gertatuko zatekeen zabor horien zati batekin, erretiratu izan ez balira? Hain zuzen ere, horretarako dira laguntza horiek: ahal den neurrian, errekara eta gure kostaldera hondakinak isurtzea saihesteko, bada, azken horretan, plastikoen arazoa errealitate bat baita aspaldian.
Era berean, azaroaren 17an, Altzibar auzoan (zurezko zubiaren inguruan) eta Bizkargi eta Ugarte kaleetan eta Juin kaleko zubiaren aurrean, ibaiertzatik, baranden azpitik igarotako hondakinak jaso genituen, 123 hondakin guztira (maskarak, egunkariko eta propagandako orriak, snack eta tabako-paketeen bilgarriak, plastikozko poltsak eta freskagarri-poteak). Udalak jasotzen ez dituen hondakin berak, eta saretak jarri ez dituzten lekuetan, horretarako dirua izanda ere.
Azkoititik igarotzen den Urola ibaitik jasotako zaborrak. Presatik, Olotzaga parean, Sidenor plantaraino eta hiltegi zaharretik, Txerloiaraino, Azpeitiarekin muga egiten duen tokiraino. Argazki hori da gaur egun ere, hamarkaden ondoren, ibaiek jasaten dituzten tratu txarren eta abusuen ageriko aurpegia.
Hemen jasotako zaborren bideo bat: https://youtu.be/2rJKSuxOCOw
Horiek dira otsailean aipatu genituen hondakinak, eta Udalari jakinarazi genizkion. Zergatik ez dituzte zabor hauek ibaitik atera? Zentzurik duen azalpen bakarra da Udal Gobernuak, oposizioarekin mahai batean eseri eta partida horien aurrekontuak adosten (sinatzen) zituenerako, erabakia hartua zuela ez zituztela zabor horiek kenduko, ez zituztela gastatuko garbiketarako 25.000 euroak, ezta babes-neurriak jartzeko 22.000 euroak ere; ez zituztela akordio horiek beteko. Eta hori horrela izanik, normala da otsailean laguntzak ez eskatzea.
Beraz, hasieratik zekiten ez zigutela egia esaten, hobeto esanda, gezurretan ari zitzaizkigula. Eta, bitartean, komunikabideetan horrelako mezuak bidaltzen zizkiguten: “Alderdi politikoen artean adostasunerako jarrera egotea beti da lagungarria, akordio bakoitza lorpen bat da”,”Politikarekiko gogogabetasun-testuinguru honetan garrantzitsua da herritarren konfiantza irabaztea”, “Ingurumen Mahaia sortzea”. Urtarrileko udal aldizkarian: “aurten diru gehiago bideratu dugu ibaia garbitzeko”, besteak beste.
Egiaztatuta geratu da udal honen ingurumen-desafekzioa; izan ere, zaila da ulertzea hori ibaian izanda eta kostu ez oso handiarekin, ez erretiratzea. Azpimarratu behar da, halaber, Kode Etikoak eta Gobernu Onak eginkizun garrantzitsua betetzen dutela gizarte demokratiko batean, eta Udalak horretan oinarritu behar duela: eredugarritasuna, erantzukizuna eta fede ona; izan ere, hautetsien eta herritarren arteko konfiantza handitzeko tresna izan behar du, eta horiek ere ez dute bete.
Hori gutxi balitz bezala, Udalak (hala entzun diogu behin baino gehiagotan) “hitzarmen” bat du sinatuta Uraren Euskal Agentziarekin (URA). Horregatik, ekintza-salaketa hau ere URAri bidaliko diegu, hitzarmen hau zertan oinarritzen den esan diezaguten.
Eta amaitzeko, ez dezagun geure burua engaina pentsatuz hau guztia halabeharrez edo beste herri batzuetatik iritsi dela. Egunero leiho batzuetatik botatzen diren zaborrak, eta horrekin ere hamarkadak daramatzagu, ez dira istripuak, ez dira Zumarragatik iritsi.