Albistea

  • Leze Txiki: AHT-k suntsitutako EH-ko ondare arkeologiko zaharrena

    2023-02-02
    Partekatu - Compartelo

    LezeTxiki1Arrasate eta inguruko espeleologoek bertatik bertara ikusi ahal izan dute Udalaitz mendigune karstikoko AHTren lanek Leze Txiki haitzuloko galeria bat suntsitu dutela. Duela bi urte, galeria hori harri jausi batek erabat buxatuta zegoela egiaztatu zuten. Joan den astean, beste galeria batetik sartu ziren luiziaren lekura, eta argazki eta bideo bidez egiaztatu zuten AHTaren lanek erabat suntsitu dutela galeria hori, ez bakarrik leherketen dardarak eraginda, baizik eta AHTren ibilbidea bera galeriatik igarotzen delako.

    J.M. Barandiaranen taldeak aztertu zuen haitzulo horretan, EHko giza aztarna zaharrenak aurkitu dira, eta penintsula osoko bigarrenak Atapuercaren ondoren: zehazki, duela 164.000 urteko Homo Heidelbergensis-eko humero bat. Pleistozenoko faunaren aztarnak ere aurkitu dira, hala nola haitzuloetako hartza eta haitzuloetako lehoia.

    Gure existentzia ahalbidetzen duten lurraren eta baliabideen suntsiketa eta kutsadurari – 20 iturburutik gora bakarrik AHTren Gipuzkoako zatian lehortu dira, behin eta berriz ura kutsatzen dela salatzeaz gain – orain ondare arkeologiko eta paleontologikoaren suntsipena gehitu behar zaio. Aurrerabidearen eta modernitatearen izenean, gure iragana sarraskitzeaz gain, gure etorkizuna ere sarraskitzen ari dira.

    Suntsiketak izen eta abizenak ditu: Eraikuntzaren lobbyarenak, sostengatzen duen klase politikoarenak eta finantzatzen duen bankuenak. Oraindik garaiz gabiltza basakeria gelditzeko. Mugi gaitezen.

    AHT ALA ETORKIZUNA

    Espeleologoren idatzia:

    *AHTak Lezetxiki txikitu du*

    Espeleologia zaleok, Arrasate eta inguruotakook, bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta hauek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen.

    Aurtengo urtarrilaren hasieran, aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin genuen eta aztertzeari ekin genion. Astebete dela egin genuen aurreneko saiakera. Etendako bidearen eta gainerako bideen gainekaldetik igarotzen da guretako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, 15 bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena.

    Zailtasunak zailtasun, iritsi ginen jauzira. Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena.

    Harri-askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta.

    Bertaraino iritsi nahi izan genuen, baina material onik ez eta beste egun batean itzultzea erabaki genuen, segurtasuna ondo bermatuta egon zedin. Eta halaxe egin dugu. 2023ko urtarrilaren 28an, beharrezko materialarekin tuneleraino iristea lortu dugu. Egindako izugarrikeriari argazkiak atera eta kanpora irten gara, guztiz atsekabetuta.

    Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideetan sortutako kalteak.

    Abiadura Handiko Trenaren lanek gure herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu gura dugu. Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua dena eta guretako kobazulorik kuttunena dena.

    Besterik gabe, agur bero bat.

    Lezetxikiren lagunak.

    2023ko, urtarrilaren 28an.

    LezeTxiki2


    Partekatu - Compartelo