Albistea

  • Pasaiak etxeko hondakinen gaiakako bilketa hobetu egin behar du, baldin eta Europar Batasunak 2025erako ezarritako gutxienezko kopurua lortuko badu

    2023-11-02
    Partekatu - Compartelo

    hondakinak_pasaiaPasaiako alkate Teo Alberrok iragarri du “2024an Udalak kontzientziazio-kanpaina indartsu bati ekingo diola herriko hondakinen gaikako bilketa handitzeko”. Eguzkikooi ez zaigu gaizki iruditzen, noski, baina zera adierazi nahi dugu: litekeena da kontzientziazio-kanpaina bat, “oso indartsua” izan arren, nahikoa ez izatea. Izan ere, legegintzaldi honetan Gipuzkoan etxeko hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurriak derrigorrez hartu behar dituen herrietako bat da Pasaia. 2022an hondakinen %48,9 baino ez zuen gaika bildu. Europar Batasunak, berriz, 2025erako udal-hondakinak %55, gutxienez, birziklatzeko moduan bildu egin behar direla dio (*).

    Paradoxa da, Pasaiak, berez, gutxienezko hori orain dela ia hamar urte gainditu zuelako. Izan ere, 2014an etxeko hondakinen %57,4 bildu zuen gaika. Are gehiago, hurrengo urtean, 2015ean, %69,99ra ere irtsi zen. Tamalez, geroztik honako hau izan da bilakaera:

    taula1_Pasaia_eus 2015ean atez ateko bilketa bertan behera utzi zuten, gaur egun inolako dudarik gabe trunpistatzat joko genukeen kainpaina baten ondoren. Baina azken urteotan hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu bada, ez da sistema aldatu izanaren ondorio, edo ez bakarrik horren ondorio, behintzat. Gaikako bilketa hainbeste jaitsi izana edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio izan da. Eta puntu hau espresuki nabarmendu nahi dugu, zeren eta, esperientziak agerian utzi duenez, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan Pasaiakoak bezain emaitza txarrik izan. Horren lekuko dira Gipuzkoako hamaika herrik edukiontzi-sistemen bitartez lortzen dituzten emaitzak. Geure buruari galdetzen diogu –maltzurki galdetu ere, aitor dezagun– ea hau ote den Foru Aldundiak Izaskun Gomez alkate ohiari aitortu dizkion merezimenduetako bat Ingurumen Administrazioaren zuzendari izendatzeko.

    PASAIA, SAN MARKO MANKOMUNITATEKO ETA GIPUZKOAKO TESTUINGURUAN

    Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

    taula2_SanMarko_eusHonako taula honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

    taula3_Gipuzkoa_eusTaulei erreparatuta ikus daitekeen bezala, Pasaia da San Markon gutxien birziklatzen duen hirugarren herria. Halaber, San Marko da –Donostiako eta neurri apalagoan Lasarte-Oriako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Hala ere, Pasaiak ozta-ozta gainditzen du San Markoren batez bestekoa. Nolanahi ere, Gizpuzkoako gainerako herrien batez bestekotik (%57,39%) oso urruti dago, 7,5 puntura. Are gehiago, Gipuzkoako gainerako herriek 2020an lortu zuten %55,24ko bilketa, eta, beraz, Europar Batasunak eta Hondakin Lege berriak 2025erako ezarritako %55eko helburua gainditu zuten.

    ATZERAPEN GEHIAGORAKO TARTERIK EZ

    Beraz, Europar Batasunaren eskakizunak eta azken batean Legea beteko badira, gaikako bilketa hobetzeko neurriak berandu baino lehen hartu beharko dira Pasaian. Kontzientziazio-kanpainak lagungarriak izan daitezke, baina neurririk gabeko “kontzientziazio-kanpainak” progaganda baino ez dira. Greenwashing.

    Nolako neurriak? Gipuzoako gainerako herrietan orain arte hartu dituzten bezalakoak. Gipuzkoatik atera gabe ere, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu- eta aukera-katalogo zabala dago.

    Hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik.

    EGUZKI, 2023ko azaroa

    (*) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

    Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

    (…)

    c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

    d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

    e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…


    Partekatu - Compartelo