Albistea

  • Vitoria Solar 1 eta 2 makroplantak baimendu ditu Jaurlaritzak, berak proposatu duen Energia Berriztagarrien Planaren arabera legez kanpokoak liratekeen arren

    2024-01-18
    Partekatu - Compartelo

    Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoen proiektuei aurreneko administrazio-baimenak eman dizkio Jaurlaritzaren Industria sailak. Proiektu horien bitartez, 90.048 eta 90.074 eguzki-panel ezarri nahi dituzte Gasteizen, Burgelun eta Arratzua-Ubarrundian. Guztira, 49,9 eta 49,99 megawatteko potentzia. Kontua da panel horiek guztiak nekazaritza-lursail emankorretan ezarri nahi dituztela, baita ureztatzeko batzuetan ere. Eta hori, gaur egun Jaurlaritzaren beraren ekimenez izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartuta balego, legez kanpokoa litzateke. Hau da, Jaurlaritzak Solar 1 eta 2 bezalako kasuetan jokatzeko modu bat proposatzen du, baina, bitartean, guztiz kontrakoa egiten du, eta proiektuari administrazio-baimenak eman dizkio.

    Eguzki talde ekologistak benetan deitoratzen du jokatzeko modu hori. Gure iritziz, hau eta beste proiektu fotovoltaikoen gainetik, Arabako lur emakorrenak babestu egin behar dira. Are gehiago kontuan izanda panelak kalte egin gabe ezartzeko alternatibak egon badaudela, adibidez, lugorrietan edota industriaguneetako teilatuetan.

    Lur emankorrenak direla ez dugu guk asmatu. EAEko Nekazaritzako Plan Sektorialak balio agrologiko estrategiko handikotzat jotzen ditu Solar 1 eta 2ren eraginpeko lursail gehienak. Eta gaur egun izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektorialak espresuki debekatzen du parke fotovoltaikoak balio estrategiko handiko lursailetan ezartzea. Balioa eta lurzoru emankorra galtzeak modu larrian eragiten die elikadura-subiranotasunaren, tokiko ekoizpenaren eta tokiko ekoizpen eta kontsumo katearen helburuei, edo 0 km.

    Baina, esan bezala, Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala izapidetzen ari da, ez dago oraindik onartuta, eta, hain justu, horixe argudiatu du Jaurlaritzak alegazioei muzin egiteko. Gure ustez, berriz, Plana onartu bitartean ez lukete horrelako administrazio-baimenik eman beharko. Bestela, Plana onartzen denerako, harekin bat ez datozen hainbat proiektu onartuta egoteko arriskua dago. Ekintza burutuak, alegia.

    Eguzkiren iritziz, balio estrategiko handiko lurrak nekazaritza-erabilerarako gorde behar ditugu, eta, horregatik, kasu honetan jokatu duen bezala jokatuta, salatzen dugu Jaurlaritzak uko egin diola nekazaritza-balio handiko lurzorua babesteko duen betebeharrari (Nekatzaritzako Planak berariaz adierazitako helburua da).

    Jaurlaritzak aurreneko baimena emanda, Solar 1 eta 2 proiektua orain Aldundiak aztertu behar du. Beraz, badira oraindik egin behar diren beste tramite urbanistiko eta administratibo batzuk proiektua gauzatzen hasi baino lehen. Bide horretan zeresana duten erakunde guztiei balio agrologiko handiko lursailak babesteko eskatzen diegu, eta, ondorioz, proiektu hoiei baimena ez emateko.

    EGUZKI, Gasteizen, 2024ko urtarrilaren 15ean


    Partekatu - Compartelo