Pasaia bada gutxien birziklatzen duen herria, Donostiarekin batera
2024-06-07
Partekatu - Compartelo
Gipuzkoan 2023an egindako hiri-hondakinen kudeaketari buruzko datuak argitaratu dituzte (1), eta, horien arabera, Pasaia bihurtu da San Marko mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, Donostiarekin batera, jakina. Izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera.
2023an, hiri-hondakinen gaikako bilketa berriz ere jaitsi zen Pasaian, zehatz-mehatz, %48,97tik %47,41era, puntu eta erdi. Gauzak horrela, Pasaiak hartu du urtetan Lasarte-Oriak sailkapenean izan duen azkenarurreko postua.
Halaber, Pasaiako emaitzak lehen aldiz daude San Markoren batez bestekoaren azpitik (49,60%) eta, jakina, oso-oso urruti daude Gipuzkoaren batez bestekotik (57,16%).
Paradoxa da Pasaia %69,99ra iritsi zela… 2015ean! (2).
Iazko azaroan, Pasaiko alkate Teo Alberrok iragarri zuen “2024an Udalak kontzientziazio-kanpaina indartsu bati ekingo diola herriko hondakinen gaikako bilketa handitzeko”. Adierazpen hauen haritik, Eguzkikook egoeraren irakurketa kezkagarri bat egin genuen (3). 2023ko datuek irakurketa hori berretsi baino ez dute egiten.
Hondakin Lege berriak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio: “para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso”. Alegia –eta xehetasunetan sartu gabe–, 2025erako, hiri-hondakinen %55, gutxienez, gaika bildu behar da. Beraz, Pasaiak neurriak hartu egin behar ditu, eta lehenbailehen.
2 2015ean atez ateko bilketa bertan behera utzi zuten, gaur egun inolako dudarik gabe trunpistatzat joko genukeen kainpaina baten ondoren. Baina azken urteotan hondakinen gaikako bilketa 20 puntu baino gehiago apaldu bada, ez da sistema aldatu izanaren ondorio, edo ez bakarrik horren ondorio, behintzat. Gaikako bilketa hainbeste jaitsi izana edukiontzietan oinarritutako sistema berriaren kudeaketa negargarriaren ondorio izan da. Eta puntu hau espresuki nabarmendu nahi dugu, zeren eta, esperientziak agerian utzi duenez, edukiontzietan oinarritutako sistemek ez baitute zertan Pasaiakoak bezain emaitza txarrik izan. Horren lekuko dira Gipuzkoako hamaika herrik edukiontzi-sistemen bitartez lortzen dituzten emaitzak.