Albistea

  • Ekarpenak Lezoko bidegorriari

    2024-06-11
    Partekatu - Compartelo

    EGUZKI talde ekologistak 3 eskaera aurkeztu ditu Lezoko Udaletxean, guztiak udalerriko bidegorriarekin lotuta. Eskaerak egungo sarea hobetzera bideratuta daude, eta horregatik Udalak kontuan hartu beharko lituzkeela uste dugu.

    Horietako bat duela gutxi GI-636 errepideko biribilgunean, Lezoko sarreran, jarri ziren seinaleei buruzkoa da. Seinaletika, berez, bidegorri-sarearen funtzionaltasun onerako beharrezkotzat jotzen dugun neurria bada ere, kasu honetan, GI-636 errepidearekiko paralelo Pasaia-Donostia noranzkoa adierazten duena okerra da; izan ere, tarte hori ez da bizikleta-planaren parte, eta, gainera, oso urrun dago bidegorri baten gutxieneko baldintzak betetzetik. Horregatik, lehenbailehen kentzeko eskatzen dugu.

    Beste zati bat Renfeko geltokitik lehen aipatutako biribilguneraino doan sare nagusiko bidegorri tarteari dagokio. Zati horren tarte batean urbanizazio-lanak egiten ari dira Altzate izeneko hirigintza-eremuan. Auzo berrira sartzeko biribilgune berrirako lanek puntu batean itotzen dute Gipuzkoako Bizikleta Planean ezarritako sare nagusiaren trazadura, eta, ondorioz, puntu horretan ez ditu sare nagusi baterako baldintzak betetzen. Zentzu horretan, eta obra-harreraren aurretik, egungo trazaduraren baldintzak (gutxieneko zabalera) mantentzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dugu.

    Azkenak aukera bat eman nahi dio loturarik gabe dagoen tarte bati, nahiz eta bidegorrien sare nagusiaren parte izan. Sare hori lehen aipatutako planaren bidez diseinatu zen, eta 2013an onartu zen. Beste aukera batzuk egon daitezkeela uste badugu ere, gure asmoa da arazo horri aurre egiteko beharra ikusaraztea, tarte horretan sareari jarraitutasuna eta koherentzia emanez.


    Partekatu - Compartelo