Gaur egun Lea-Artibain hiri-hondakinak kudeatzen duen enpresarekiko kontratua amaitzearekin batera, Amankomunazgoak iragarri du udalerriek gaikako bilketa hobetzeko pausoak emango dituztela. Egia esan, eskualdeko udalerrietan ingurumenarekiko kontzientzia-maila, oro har, ona dela esan daiteke, baina orain alor honetan pausoak ematera badoaz ez da kontzientzia-maila ona dutelako, Legeak hala agintzeko duelako baizik. Zehatz-mehatz, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten dituelako. Bestela esanda, udalerriek Bruselatik datorren agindu bat bete egin behar dute.
Egia esan, Lea-Artibai berandu dabil, oso berandu, Legeak agindutakoa betetzeko. Gaikako bilketari dagokionez, Legeak agintzen du 2025erako, “gutxienez”, %55 izango dela; 2030erako %60, eta 2035rako %65. Gaur egun, baina, zenbat biltzen da gaika Mankomunitatean? Bada, %43,6 soilik (1). Alegia, 2025erako %55eko helburua ez da beteko.
Mankomunazgoak aurreratu duenaren arabera, hemendik aurrera errefusaren edukiontzia (2) astean zenbait egunetan soilik ireki ahal izango da, betiere txartelaz. Taberna eta dendetan, berriz, atez ateko bilketa egingo da.
Nahiz eta neurri hauek atzerapen handiarekin datozen, ikusi dugun bezala, ondo balortzen ditugu Eguzkikook. Hori bai:
– Lehenbailehen ezartzea espero dugu, %55eko helburua epean badakigu ezetz, baina ahal den azkarren lortzeko, behintzat. Neurriak lehenbailehen ezartzea bezain garrantzitsua iruditzen zaigu gaikako bilketak aurrerantzean ere hazten jarraitu behar duela begi-bistatik ez galtzea. 2030erako %60ko helburuarekin ez dadila gerta 2025eko %55arekin gertatu dena (3).
– Sistema berria ezartzearekin batera, herritarrak informatzeko kanpaina zabala egin beharko litzateke. Ez bakarrik txartelaren funtzionamendua edo edukiontziak irekitzeko egunak eta orduak azaltzeko, baita hondakinak gaika biltzeak eta ez biltzeak dituzten ondorioak azaltzeko ere. Ingurumen-ondorioak, noski, baina baita ondorio ekonomikoak ere. Izan ere, hondakinak gaika biltzea edo ez biltzea orain arte gehienbat aurrekontu publikoetan islatu da, eta beharbada horregatik ez gara hainbeste fijatu. Baina gero eta gehiago islatuko da norberaren poltsikoan (4).
Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute sinesgarritasunik.
EGUZKI, 2024ko urria
(1) %43,6ko datua 2023koa da, eskura dugun azkena, baina 2024koa antzekoa izango da, puntu bat gora edo behera. Beraz, esan bezala, 2025erako %55eko helburua urratutzat jo daiteke, ezbairik gabe. Eta Lea-Artibai ez da inolaz ere helburua urratuko duen bakarra; alderantziz, urratze orokorra izango da. Are gehiago, Hondakinen Behatokiaren 2023ko Txostenaren arabera, Lea-Artibai da Bizkaian gaikako bilketaren ratiorik onena duen eskualdea. Beraz, gainerakoekin alderatuta, Lea-Artibaik hobeto egiten du. Baina %43,6 eta %55 bitartean dagoen aldea ikusita, erreparatu urratze-maila oso-oso handia dela. Hau ez da “gutxiegi” justu-justu bat, ez da “suspentso altu bat”. Hau katedral baten neurriko supentsoa da. Beste batzuek ere suspenditzeak, are kalifikazio lotsagarriagoekin, ez luke kontsolamendua izan behar.
(2) Errefusaren edukiontzia deitzen zaio; izan ere, printzipioz, birziklagarriak ez direlako, gainerako edukiontzietan utzi ezin diren hondakinak bakarrik jaso beharko lituzke. Praktikan, ordean, errefusa ez ezik era guztietako hondakinak ere botatzen dira. Gehienak, berez, birziklagarriak dira, baina beste batzuekin nahasten direnean, praktikan, ez-birziklagarri bihurtzen dira.
(3) Amankomunazgoak gaikako bilketa edukiontzietan oinarritutako sistemaren bidez egitea erabaki du. Sistema honek, betiere behar bezala kudeatzen bada, emaitza onak eman ditzake. Gainera, Lea-Artibain hobetzeko tartea oso-oso handia denez, ez gara gu horren kontrako ezer esaten hasiko. Hala ere, gogorazi nahi dugu atez atekoa dela emaitza onenak ematen dituen sistema, eta hori ukaezina da. Ez gara tematuko, baina uste dugu Amankomunazgoak eta berau osatzen duten udalerriek ez lioketeela atea itxi behar horren ezarpena aztertzeari.
(4) Lege berriak agintzen du udal-hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzua ezin izango dela hemendik aurrera defizitarioa izan, orain arte bezala, eta %100ean zabor-tasen bidez finantzatu beharko dela. Horregatik zabor-tasak izugarri igotzen ari dira Estatuko ia herri guztietan. Legeak agintzen du, halaber, pixkanaka, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezarriko direla. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu. Logikoa da; izan ere, antieolologikoa izateaz gain, ez da bidezkoa hondakinak txukun eta arduraz bereizten dituztenek beraien ahalegin eta diruaren bidez batere bereizten ez duten axolagabeei laguntzen jarraitzea, gaur egun gertatzen den bezala. Kontuan izan behar da, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Hori orain arte aurrekontu publikoetan islatu da. Izan ere, zenbat eta gaika gutxiago bildu, orduan eta diru-sarrera gutxiago eskuratzen dituzte udalerriek berreskuratutako materialen truke. Hori, alde batetik, eta, bestetik, zenbat eta hondakin gehiago nahastuta bildu, gero eta tratamendu-kostu handiagoak. Adibide argi bat: udalerriek 90 euro ordaindu behar dituzte tonelada bakoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. 50 euro, berriz, bereizita bildutako tonelada organiko bakoitzeko. Gainkostu hauek orain arte denon artean ordaindu ditugu diru publikotik, eta horrela oharkabeagoan pasatu omen da. Baina hemendik aurrera, sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezartzen diren neurrian, norberaren poltsikoan zuzen-zuzenean nabaritu beharko litzateke.